Herio kolpea jasota dago PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelgo Gobernuaren arteko bake prozesua. Benjamin Netanyahuren gobernuak bake mahaian esertzeagatik palestinarrei hitzemandako presoak askatzea ukatu ondoren, Palestinak nazioarteko hamabost erakunde eta hitzarmenekin bat egiteko eskariak bideratu zituen Mahmud Abbas PANeko presidenteak. Bake prozesua erabat trabatuta egonagatik, ostegunean berriro bildu ziren bi aldeetako funtzionarioak, AEBen bitartekaritzarekin.
Bilera amaitzearekin bat, ordea, Israelgo funtzionario batek Benjamin Netanyahuren gobernuak erabakitako zigor neurri baten berri eman zuen: zergengatik PANi dagokion dirua atxikitzea erabaki du Israelek. Palestinarren izenean urtean 85 milioi euro inguru jasotzen ditu Israelek zerga bidez (PANen diru sarreren bi heren), eta diru horren trensferentzia izoztea erabaki du Tel Avivek.
Saeb Erekat PANeko negoziatzaile buruak "Israelen bahimendua" salatu du: "Herri palestinarrari eginiko lapurreta bat da, Israelek nazioarteko lege eta arauak urratuz eginikoa".
Palestinarren dirua atxikitzeaz gain, gas zentral bat eraikitzeko lankidetza bertan behera utzi du Israelek. Aurreko astean, palestinarrekin segurtasunaz besteko hartu eman guztiak etetea erabaki zuen Israelgo Gobernuak.