Israelek blokeoa ezarri aurretik, egunean oinarrizko elikagaiz betetako 400 kamioi ailegatzen ziren Gazara. 2007an blokeoa sendotu ondoren, berriz, 67 bakarrik. Gisha giza eskubideen aldeko Israelgo taldeak argitaratu duenez, Israelgo Gobernuak eskatutako txosten baten ondorio izan ziren murrizketa horiek. Israelgo Osasun Ministerioak palestinar bakoitzak bizirik irauteko behar dituen gutxieneko kaloria kopurua neurtu zuen ikerketa batean, eta, txosten horri jarraikiz, elikagaien sarrera eragozteko hainbat neurri hartu zituen. Israelgo Auzitegi Gorenak txosten hori jendaurrean aurkeztera behartu du orain gobernua.
Osasun Ministerioak 2008an aurkeztu zuen txostena. Ikerketaren arabera, palestinar bakoitzak egunean 2.279 kaloria behar zituen bizirik irauteko, eta Israelek 106 kamioiri utzi behar zien Gazara sartzen. Palestinarrek sarri salatu dituzte arlo horretan egindako murrizketak, eta nazioarteak ere gaitzetsi izan ditu Israelgo Gobernuaren neurriak. Guy Inbar Defentsa ministerioko ordezkariaren esanetan, ordea, gobernuak ikerketa hori ez du «sekula»erabili Gazaren blokeorako.
Gisha GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendariak Israelgo Gobernuaren txostena gaitzetsi du: «Israelek nola esan lezake ez dela Gazako zibilen bizimoduaren erantzule, jan dezaketen elikagai kopurua ere kontrolatzen badu?».Segurtasun kontrolen «aitzakian»giza eskubideak ez bermatzea leporatu dio.
Koloniak «legeztatu» nahian
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, berriz, lege baten zirriborroa prestatzen ari da koloniak «legeztatu» ahal izateko. Zirriborro horrek ukatu egiten du Israelek palestinarren lurrak okupatzen dituela.
Netanyahuk batzorde bat eratu zuen urtarrilean kolonien legeztatzea aztertzeko. Besteak beste, asmoa da Zisjordaniako hiru kolonia eremu nagusiak Israelen mugen barrenean sartzea.Txostena datorren igandean, edo hurrengo astean aurkeztuko dute ministroen batzarrean.
Palestinarrek bizirik irauteko behar dituzten kaloriak neurtu ditu Israelek
Israelen blokeoaren ostetik, 2007an Gazan sartzen ziren elikagai kamioien kopurua 400etik 67ra jaitsi zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu