Jaber Suleiman. Ikertzaile politikoa

«Palestinarrek oinarrizko eskubideak ere ez dituzte Libanon»

Zigorgabetasunaren aurka borrokatu behar dela esan du Suleimanek, Sabran eta Xatilan gertatutakoa errepika ez dadin; Libanoko iheslari palestinarren egoeraz keztatuta dago.

Ane irazabal
Beirut
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Jaber Suleiman Tel Aviv ondoko herrixka batean sortu zen (Majdal Axkelon, 1945). Alta, 1948ko gerraren ostean, haren familiak ihes egin behar izan zuen, eta Libanora joan ziren bizitzera. Suleimanek mundu zabaleko iheslarien egoera ikertzen pasatu ditu azken hamarkadak, lehenik Libanon eta ondoren Oxforden. 1982ra arte PAE Palestina Askatzeko Erakundearen aholkulari politikoa izan zen. 1988an, berriz, Aidun elkartea sortu zuen, Libanon eta Sirian iheslari palestinarren eskubideen alde egiteko. Sabra eta Xatilako sarraskiaren 30. urtemugaren harira, palestinarrek Libanon sufritzen duten bereizketaz hitz egin du.

Sabrako eta Xatilako biktimen familiek Israelen kontra egindako lehen kanpaina legala gidatu zenuen, duela hamar urte. Zer lortu zen?

Lege aldetik, ezer ere ez. 28 familiak Ariel Sharonen kontrako epaiketa hasi zuten Belgikako Justizian. Sarraskia gertatu zenean, Israelgo Defentsa ministroa zen Sharon, eta epaiketa hasi genuenean, berriz, lehen ministro. Lehen aldia zen palestinarrek Israelen krimen baten aurka epaiketa zabaltzen zutela. Hasieran, Belgikako epaitegiak onartu zuen, baina handik bi urtera atzera bota zuen, Israelen presioen ondorioz.

30 urte eta justiziarik ez. Nola jarrai daiteke borrokatzen?

Sharon Justiziaren aurrean jartzeaz gain, biktimen ahotsa altxatu nahi genuen, eta munduari erakutsi zigorgabetasuna gainditzeko borrokatzen ari direla. Horregatik da hain garrantzitsua sarraskia urtero gogoratzea.

Baina Libanok ere ez du barkamenik eskatu.

Belgikan, libanoarrak ere salatu genituen. Lider esanguratsuena Elie Hobeika izan zen, triskantza egin zuten milizia kristauen arduraduna. 2002an, hark jakinarazi zuen bera ez zela arduraduna eta prest zegoela errugabea zela Belgikan frogatzeko. Hurrengo egunean, bonba-auto batean hilzuten. Hor bukatu zen dena. Libanoarrek inoiz ez dute bere gain hartu erasoaren erantzukizuna.

Palestinarrek Libanoko gizartean duten ostrazismoaren seinaletzat jotzen duzu?

Zalantzarik gabe. Guztiz zokoratuta gaude ikuspuntu ekonomiko, politiko eta legaletik. Iheslarien kanpalekuek ghetto bat balira bezala funtzionatzen dute; gizarte zibiletik at daude. Erregistratutako 410.000 iheslariek ez dute eskubide politikorik, ezta legalik ere. Ez gara ari bakarrik oinarrizko eskubide politiko bati buruz hitz egiten: Libanon bizi diren palestinarrei oinarrizko eskubideak eta baliabideak falta zaizkie.

Libanoko Gobernuak segurtasun kasu bat balitz bezala jokatzen du palestinarrekin. Mehatxu bat direla diote askok kalean. Estrategia politiko bat al da etsaitasuna?

Hedabideek eta Libanoko eliteek zabaltzen dute mehatxua garela. Haien ustez, palestinarrei eskubide osoak emateak krisi ekonomikoa ekarriko luke. Baina ez da egia; iheslari palestinarren %48 kanpalekuetatik at bizi dira eta Libanoko ekonomiaren parte aktiboa dira. Haatik, 1948an iritsi ziren palestinar askok inbertsio handiak egin zituzten Libanon, eta esparru kulturala eta akademikoa garatzen lagundu zuten. Hegoaldean nagusi diren zitrikoen sailak ere palestinarrek abiarazi zituzten. Arrazoi ekonomikoa aitzakia sektarioa besterik ez da, palestinarrak sunitatzat jotzen direlako eta haiei nazionalizazioa emateak mehatxu demografikoa ekarriko lukeelako. Nolanahi ere, guk ez dugu nazionalizaziorik nahi, Palestinara itzultzeko ideiari eusten diogulako. Dagozkigun eskubide zibilak besterik ez dugu eskatzen.

Iheslarien arazoa konpontzeko nazioartera jo behar dela esan ohi duzu. Israelekin nola jokatzen duen ikusita, nahiko deritzozu?

Europak eta AEBek mundu arabiarrarekin duten politika zeharo hipokrita da. Israeli dena onartzen zaio. Tel Avivek nazioarteko komunitateari xantaia egiten dio oraindik holokaustoaren kontura, eta Europa egin du erantzule. Europak bi krimen handi egin zituen: bata II. Mundu Gerran naziek juduen kontra egindako sarraskia ez geratzea, eta bestea, arazo hori beste herri errugabe baten kontura konpontzen saiatzea. Palestinarrak, kasu honetan, biktimen biktimak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.