Ilan Pappe. Historialari israeldarra

«Palestinarren aurkako garbiketa etnikoak aurrera jarraitzen du»

Palestinarren iragana berridazten dihardu, uste baitu palestinarrak zapaltzeaz gain, sionismoak potentzial handia deuseztatu duela urteetan.

Ane irazabal
Jerusalem
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Huts egindako produktu sionista gisa definitzen du Ilan Pappe historialariak bere burua (Haifa, Israel, 1954). Sionismoaren erraietan sartzea, ordea, bidaia mingarria egin zitzaion. 1948ko gerra aztertu eta palestinarren aurkako «garbiketa etnikoa» salatu zuen lehen historialaria izan zen. Israelen kontrako boikot akademikoa babestean, Haifako Unibertsitateko katedrari uko egitera derrigortu zuten. Geroztik, distantziaz aztertzen ditu Israelgo politikaren gorabeherak, Exeterko unibertsitatetik, hain zuzen. Nakba-ren (hondamendia, arabieraz) 64. urtemugaren atarian, beharrezko irizten zaio gatazkaren «berregite gizatiarra» bultzatzea.

Nakba-ren urtemuga gogoratuko dute gaur palestinarrek. Gatazkaren punturik mingarriena da iheslarien itzultzeko eskubidea, auzi politikotik harago doan gaia.

Ados nago. Itzultzeko eskubidea ez da negoziagarria, ezinbesteko eskubide moral bat delako. Ez da eztabaida daitekeen gai politiko bat. Baina Israelek ez du itzultzeko eskubidea onartu nahi, biluzik utziko bailuke. Batetik, gehiengo demografiko judua galtzeko beldur da, eta hori suizidiotzat jotzen du. Sionismoaren esentziak dio estatu juduak ezin duela aurrera egin gehiengo judua izan ezean. Horretaz gain, itzultzeko eskubidea onartzeak palestinarren aurka egindako krimenak aitortzea ekarriko luke, ezinbestean.

Zure hitzak aipatuz, «nakba ez zen 1948ko gerran amaitu». Zer esan nahi duzu?

1967ko gerraren ondotik, nakba burokratikoa hasi zuen Israelek. Teknokratek, Mendebaldeko hedabideen arreta piztuko ez zuten otomandar eta britainiar garaiko erregelamenduak berreskuratu zituzten, garbiketa jarraitzeko. 2012an ere, palestinarren aurkako garbiketa etnikoak aurrera jarraitzen du. Prozedurak desberdinak dira tokiaren arabera. Israel hegoaldean, Negev (Nakab) desertuan, beduinoak hiriguneetara estutzen dituzte. Prozesu horrek beduino palestinarren herrixken suntsiketa dakar. Israel iparraldean, berriz, judaizazio prozesu bizia darabilte. Hirigune palestinarrek ez dute hazteko baimenik, eta haien lurrak kolonia juduak eraikitzeko erabiltzen dira.

Jerusalemen bi eratako garbiketa etnikoa sufritzen dute palestinarrek. Batetik, lurren desjabetza, kolonia juduen zabalkundearen truke. Jerusalem Handiaren amets judua justifikatzen du politika horrek. Bestetik, udal arauak ezarri zaizkie palestinarrei, beren etxetik egozteko. Legeria berriek hiriko palestinarrak ito dituzte, eta askok Zisjordaniara edo atzerrira alde egin dute. Garbiketa etniko horrek 200.000 palestinarri baino gehiagori eragin die.

Palestinako gatazkaren iragana berridaztea da funtsean zure lana. Zein da narratiba horren oinarria?

Historia gizatiartu behar dugu. Hondamendian ez ziren bakarrik palestinarrak hil eta herriak suntsitu. Potentzial handi bat deuseztatu zuen sionismoak. Ez gara zenbakien eta estatistiken inguruan hitz egiten ari. Sionismoak arrakasta izan du oso sinplea izan zen kolonizazio prozesu bat gatazka konplexu gisa definitzeko garaian. Palestinako historiaren berregitean oso garrantzitsua da adinekoen oroitzapenak berreskuratzea. Historialariok erantzukizuna dugu ahozko kontaketak jasotzeko orduan. Oroitzapenen betekizuna ezinbestekoa da Palestinako historiaren berregiteko orduan.

Israel bere independentziaren 64. urteurrena ospatzen ari den bitartean, palestinarrek beraien hondamendia gogoratzen dute. Begi bistan, ezinezkoa dirudi bi herriek bide bera hartzea. Testuinguru horretan, zer esanahi du justiziak?

Gatazka honetan, atzera etortzea esan nahi du justiziak, ez mendekua ezartzea. Israelgo independentziaren historia kolonizatzailearen historia da, eta biktimek zein nazioarteko komunitateak ez dute inoiz moralki onartuko. Biktimen askapena ez da jazarpenetik etorriko. Guztiei eskubide berberak onartu behar zaizkie.

Baina Benjamin Netanyahu lehen ministroak desagertzeko beldurrari eusten dio, urtez urte, bere politika justifikatzeko.

Beldurra oso garrantzitsua da Isarelgo juduen artean diskurtso kolektibo bat erakitzeko. Etengabeko ikara sentimendua goiko estamentutik elikatzen da, eta Israelen existentzia bortitza ezkutatzeko helburuarekin.

Israelek «estatu heldua» dela aldarrikatzen du, baina besterik erakusten du. Gero eta oldakorragoa da ahots kritikoekin. Zergatik?

Adierazpen askatasunak behera egin du ikaragarri. Duela hamar urtera arte posible zen kontakizun desberdinak entzutea. Orain, ia ezinezkoa da. Arrazoia da denbora luzez gai izan dela palestinarrei egindakoa ezkutatzeko, baita bere esentzia arrazista gordetzeko ere. Egun, ezinezkoa zaio.Iragana hobeto ezagutzen dugu eta ezkutaezinak dira estatuaren natura kolonialista eta apartheid politika. Israelek ez du kritizismoari aurre egiteko bide moralik edo etikorik. Horregatik, inda- rrean eta errepresalian oinarrituriko politika basatiak darabiltza. Hegoafrikako apartheid sistemak prozesu antzekoa izan zuenerregimenaren amaieran.

Duela hogei urtetik, bake negoziazioak hasi zirenetik, bi estatuen irtenbidea aldarrikatu du korronte nagusiak. Negoziazioak agortu direla jakina da, eta bi estatuen bidea eginezina dirudi…

Baina errealitateari aurre egiteko beldur da Israel. Gizartearen gehiengoak ez du gaia entzunere egin nahi. Estatu bakarrari beldur diote, aipatu ditudanarrazoi demografikoak direla medio. Nolanahi ere, bi estatuen beldur ere badira. Ikara diote pertsonen eta lurraldearen gainean juduen nagusigoa bermatuko ez duen edozein konponbide politikori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.