Palestinarrentzat ez dakar oroitzapen onik Ariel Sharonen aipamenak: Israelen inbasioekin, lekualdatze behartuekin eta kolonizazio politikarekin lotzen dute ezinbestean haren izena. "Guk ez daukagu Sharonek emandako une onik gogoan", esan zuen atzo PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkari batek: "Atsekabetuta gaude gatazka ez zelako konpondu bera lehen ministro zen bitartean, baina haren heriotzak ez gaitu goibeltzen, ez eta palestinarren aurkako sarraskiak egin dituen beste edozein israeldarrenak ere". Jibril Rajub PANeko zerbitzu sekretuen buruzagi ohiak ere deitoratu du nazioarteko justizia ez zela heldu Sharon epaitzera.
Hamaseko bozeramale batek esan du "errezatu" egiten zuela Israelgo lehen ministroa hil zedin: "Sharon gaizkilea zen, Palestinako herriari zoritxar gehien eragin diotenetako bat".
Libanoko errefuxiatuen kanpalekuetan, dantzan eta kantuan ospatu dute berria, eta gogora ekarri dute hark 1982an, Defentsa ministro zela, agindutako inbasioa: Israelgo armadak milaka zibil hil zituen, eta Sabra eta Xatilako errefuxiatu guneetako sarraskiak onartu zituen.