Udal hauteskundeak egitea «behar nazionala» da PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esanetan, «alderdi batek ez dezan urra herritarrek euren ordezkariak aukeratzeko duten eskubidea». Hori horrela, bozak prestatzen hasteko eskatu dio Tokiko Administrazioen ministroari, eta datorren astean bertan bozetarako eguna jakinaraziko duela iragarri du PANek.
Hamasek eta Al-Fatahek iaz adiskidetzeko itunean hitzartutakoaren arabera, Mahmud Abbas PANeko buruak bozak egiteko dekretua sinatu aurretik Hauteskunde Batzorde Zentralak Gazako hautesleen erregistroa egin behar du. PANek, ordea, Hamasi itxaron gabe erabaki du hauteskundeak prestatzen hastea. Izan ere, asteartean zen Hauteskunde Batzorde Zentrala Gazako errolda egiten hastekoa, baina Hamasek debekatu egin zion, Zisjordanian Hamaseko hainbat kide atxilotu zituztela eta. Al-Fatahek, orduan, palestinarren adiskidetze prozesua oztopatzea egotzi zion alderdi islamistari. Mahmud Zahhar Hamaseko buruzagiaren hitzetan, ordea, Al-Fatah hauteskunde iruzurra prestatzen ari da. Hauteskunde Batzorde Zentralean gehiengoa bermatu duela dio, eta hauteskunde prozesua kontrolatu nahian dabilela salatu du Zahharrek.
Bestalde, Robert Serry Ekialde Hurbilerako NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak Hamaseko buruzagiei eskatu die Hauteskunde Batzorde Zentralari uzteko Gazako errolda egiten, «gehiago atzeratu gabe». Hamasek prozesua bertan behera utzi izana «etsigarria» dela adierazi du Serryk, eta palestinarren arteko adiskidetzea eta gaineratu du erakundeen eraberritze demokratikoa gehiegi luzatzen ari direla. Zahharrek esandakoa ukatuz, hauteskunde batzordearen profesionaltasuna eta independentzia goraipatu ditu NBEko ordezkariak.
Iazko maiatzean, adiskidetzeko itun bat sinatu zuten Hamasek eta Al-Fatahek, eta eztabaida luze batzuen ostean, joan den otsailaren 6an, Abbas aukeratu zuten presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak antolatuko dituen batasun nazionaleko gobernua gidatzeko. Harrezkero, ordea, ez aurrera eta ez atzera dago adiskidetze prozesua, eta bi aldeek elkarri leporatzen diote ituna oztopatzea. 2007az geroztik, muturtuta egon dira Palestinako bi alderdi nagusiak, eta bakoitza lurralde baten kontrolaz jabetu da: Zisjordaniaz Al-Fatah, eta Gazaz, berriz, Hamas.
Arafaten heriotza
Israelek «txorakeriatzat» jo ditu Yasser Arafat polonioarekin pozoituta hil zutela dioten teoriak. Herenegun, Arafaten alargunaren eskariz, buruzagi palestinarraren gorpua lurretik ateratzea onartu zuen PANek, haren objektu pertsonaletan polonio maila altuak atzeman eta gero.
Duela zortzi urte hil zen Arafat, 2004ko azaroan, eta, azken egunetan, Parisko ospitale batean zaindu zuten medikuek ez zuten argitu zer dela-eta hil zen PANeko buruzagia zena. Zurrumurruak ugari izan dira, eta palestinar askok uste dute Israelek pozoitu zuela. «Israelek Arafat pozoitu zuela dioten zurrumurru guztiak erabat gezurtatzen ditugu. Israelek ez zuen haren heriotzarekin zerikusirik izan», adierazi du Israelgo Atzerri Ministerioak. Israelen aurkako gorrotoa handitzeko estrategia bat dela adierazi du Tel Avivek. «Non zeuden azken hamar urteotan ustez polonioa atzeman dieten objektu horiek? Nork ukitu zituen?», galdetu du Lior Ben Dor Atzerri ministroaren eledunak. Ikerketa egin duen Al-Jazeera Qatarko telebista kateari egotzi dio Israelen aurkako konplot bat zuzentzea.
Suitzako laborategi batean ikertu dituzte Arafaten objektu pertsonalak, eta polonioa topatu dute. Tel Avivek argitu duenez, Arafat pozoitu zutela frogatuz gero ere, horrek ez du esan nahi Israel dagoenik haren heriotzaren atzean, nahiz eta «PANen eta mundu arabiarrean Israeli eraso egiteko aitzakiatzat erabili». «Yasser Arafatek etsai asko zituen, barruan eta kanpoan. Palestinarrek ongi dakite etxean gertatzen dena ikertzen. Utz diezaiegun ikertzen eta egia aurkitzen», adierazi du Avi Ditcher 2004an Israelgo Segurtasun Agentziaren buru zenak.
Hamasek, berriz, txalotu egin du Arafaten heriotza ikertzeko ekimena, eta Israeli egotzi dio errua. «Krimenaren onuradun nagusia okupazioa izan zen, Arafat zigortu nahi baitzuen zuen eraginagatik, eta uste zutelako bizitzako azken egunetan kolonia politikaren aurka muturreko jarrera zuela», adierazi du Sala al-Bardawil Hamaseko kideak. Arafaten heriotza ikertzea «behar nazionala» dela defendatu du Hamasek, «antzeko krimenak berriz izan ez daitezen».
PAN udaletarako bozak prestatzen hasi da, Hamasi itxaron gabe
NBEk Hamasi eskatu dio Hauteskunde Batzorde Zentralari Gazan lan egiten uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu