Zisjordanian kolonizazioari eusteko asmoa berretsi du Israelgo Gobernuak, Jerusalemdik hurbileko Maale Adumin kokagune juduan 3.500 bizileku gehiago eraikiko dituztela iragarrita. Etxebizitza horiek Ekialdeko Jerusalemekin lotuko dute kokagunea. Palestinako Aginte Nazionalak bake prozesuaren aurkako sabotajetzat jo du egitas- moa. Haren ustez, Jerusalemen etorkizuna koloniak hedatuz finkatu nahi du Israelek. Anartean, haatik, PANek eta Israelek negoziatzen jarraitzen dute Tulkaremgo hiriaren kontrola palestinarren esku geratzeko.
Ariel Sharon Israelgo lehen ministroaren kabineteak baietsi zuen atzo Shaul Mofaz Defentsa ministroak herenegun iragarritako, hots, Maale Adumin kokagune juduaren inguruan 3.500 bizileku gehiago eraikitzeko asmoa duela. Hedapen hau gauzatuko balitz, 28.000 bizilagunekin Zisjordaniako kolonia handiena den Maale Adumin Ekialdeko Jerusalemi lotuta egongo litzateke. Palestinarrek, ordea, Palestinako estatu burujabe bateko hiriburutzat aldarrikatzen dute Ekialdeko Jerusalem.Egitasmoaren berri hartzean, Palestinako Aginte Nazionalean Israelekiko negoziaketetarako goi arduradun Saeb Erekatek hauxe adierazi zuen: «Israelgo Gobernuaren erabaki honek erabat galeraz ditzakebake prozesua berriro indarrean jartzeko ahaleginak; horiek horrela, nazioarteko Laukoteari orokorki eta George W. Bush presidenteari zera galdegiten diegu: nola bultza daiteke bakebidea, koloniak eta banaketa hesia eraikitzen jarraitzen duten bitartean?».«Jerusalemen etorkizuna kokaguneen bitartez finkatu nahi du Israelek, negoziaketen bidez egin beharrean». PANeko Plangintza ministro Gassam al Khatiben ustez, berriz, Tel Avivek Jerusalem Handia eraiki nahi du Gazatik erretiratzearen truke. Zisjordaniako koloniak handitzeko asmoaz gain, palestinarren haserrea hazi zen Jerusalem zaharretik iritsitako albisteengatik. Ezen, palestinarrak gehiengoan diren auzune kristauan eliza greziar ortodoxoko buruzagi Irineos patriarkak Israelgo etxegintza enpresei saldu dizkie Imperial eta Petra hotelen eremu zabala. Honezkero, israeldar judu bizilagunen kopurua nabarmen haz daiteke palestinar kristauak bizi ohi diren auzune honetan, eta hauek ia zuzen-zuzeneko igarobidea izan lezakete Deitoreen Harresira. Juduen otoitzgune hau musulmanentzako leku sakratua den Meskiten Zelaiaren alboan kokatuta dago.
Tulkarem palestinarren esku
Tentsioa hazi duten arren, auzi hauek ez zuten eragotzi Israelgo eta PANeko arduradunen artean akordio bat gauzatzea, Tulkarem hiriaren kontrolaz. Joan den astean Jeriko hiriarekin gertatu bezala, Zisjordaniako hiri honen kontrola PANen esku geratuko da gaur.
Israelgo Armada erretiratuko da 2000ko irailaren 28an bigarren Intifada hasi aurretik zeuzkan jargunetara. Bi aldeek ez zuten adosterik lortu igandean eta atzo goizean izan zituzten elkarrizketan, Israelek ez baitzuen nahi PANen esku utzi Tulkarem inguruan den Ramin hirialdearen kontrola.PANek onartu du geroago hartzea haren kontrola.Bestetik, giza eskubideen aldeko ekintzailea zen Rachel Corrie estatubatuarraren senideek 324.000 dolarreko kalte-ordain eskaera egin dute Israelgo Gobernuaren eta AEBetako Caterpillar enpresaren aurka hondeamakinak egiten ditu. Corrie 2003an hil zen, Armadako hondeamakina batek azpian harrapatuta.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
PANek salatu du Israel bere kasa ari dela bereganatzen Jerusalem
Tel Avivek iragarri du beste 3.500 etxebizitza eraikiko dituela hiriaren inguruko kokagune batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu