Ekialde Hurbila

PANek zabalik utzi du estatuaren aldarrikapena atzeratzeko aukera

Israelekin negoziazioak iraila aurretik «ganoraz» hasiz gero, NBEra jotzeko asmoa gerora dezake Palestinako Aginte NazionalakLaukoteak ez du elkarrizketarako modurik lortu; udan «ahalegin guztiak» egingo ditu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionalak ez du aldatu irailean Nazio Batuen Erakundean estatu palestinarra aldarrikatzeko asmoa, baina zabalik utzi du eskaeraatzeratzeko aukera, baldin eta Israelekin bake negoziazioak «ganoraz» hasteko moduari eusten badiote, «Israelekin negoziazioak iraila baino lehen hasteko modua badago, oinarri argi batzuen gainean eta egitarau zehatz eta landu batekin».

Ez da ezer berria Rijad Najib al Maliki PANeko Atzerri ministroa eskatzen ari dena, elkarrizketarako baldintzak bete eta hitz egiten hastea baita lehentasuna, baina Laukoteak, aldeak eser daitezen bitartekari lanak egiten ari den taldeak, ez du aurrera egiterik lortu. Washingtonen egin berri duten bileran erabaki bateratua kaleratzeko ahalegina egiten aritu da, baina Errusia, AEBak, Nazio Batuen Erakundea eta Europako Batasuna ez dira Israelen eta palestinarren arteko negoziazioak bideratzeko gauza izan, eta udan «ahalegin guztiak»egingo dituztela esatera mugatu da euren gaitasuna, iraila baino lehen ezertan hasi ahal izateko bideak jartzeko.

Palestinarrak, haserre

Laukoteko kideek adierazpen bateratua egiteko ezintasunak etsipena eta haserrea eragin du PANeko presidentearengan, Mahmud Abbasengan: «Porrota bake prozesuan datu ezkorra da, dudarik gabe». Saeb Erekat PANeko negoazioazioburuak, berriz, Laukotearen gaitasun eza «beste arrazoi bat da» irailean NBEren aurrean Palestina estatu gisara onar dezaten eskatzeko.

Hain zuzen, PANek Nazio Batuen Erakundean estatua aldarrikatu beste biderik geratzen ez zitzaiola pentsatu zuelako hartu zuen erabakia, ikusita iazko irailetik negoziazioak etenda zeudela, eta ez zutela aurrera egiteko itxurarik. AEBek, baina, ez dute PANek bide hori hartzerik nahi, eta negoziatzera eserarazi nahi dituzte alde biak, baina, hala ere, ez dute oraingoan behintzat hori lortzerik izan; esertzeko, kokalekuak eraikitzeari utzi beharko baitioIsraelek, eta ez daude horren alde egiteko prest, oraingoz. Alegia, bi aldeak urrun, saltsa horretan dira une honetan.

Laukoteak, berriz, ez du amore eman nahi, eta beste behin ezer lortu ez duten arren, «ahalegin guztiak» egingo ditu, udan, negoziazio pribatuetan aldeak gertura daitezen, NBEn PANek estatu palestinarra aldarrikatzea saihestearren.Tentuz egin ere, «diplomazia isilaren» bidez egin nahi dute. Orain taldeko ordezkarien menpekoen lana izango da hori bideratzea.

Horixe eman du jakitera Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkaritzaren bozeramaileak. «Etsigarria» izan da Laukotearen ahalegina, epe laburrerako helburu arrakastatsurik ez dutelako lortu, baina udak askorakoeman dezakeela uste du, bi aldeen arteko distantzia murrizteko.

Washingtonen egin duten gisako bileratan ohikoa izaten da eseri diren guztien idatzi bateratua egitea, baina oraingoan hori ere ez da egon. Joan den maiatzaren 20ko bileran iritsi ziren bat egitera, bezperan Barack Obamak esandakoaren haritik: Laukoteak proposatu zuen etorkizuneko negoziazioetan 1967ko mugek izan behar zutela abiapuntua, nahiz eta Israelek baztertu egiten duen aukera hori.

Akordio horren ondoren alde guztiak lanean aritu dira israeldarrekin eta palestinarrekin, eta orain gakoa da udako denbora nola erabili berriz ere hitz egin dezaten lortzeko. Iturri anonimo batzuek Haaretz egunkarian esan dutenez, ordea, adierazpen bateraturik ez da egon Israel estatu judua izendatzeko arazoak dituztelako, oro har Laukoteak eta bereziki Errusiak.

Arabiar Ligaren bilera

Arabiar Ligak etzi dauka bilera gaiaz hitz egiteko, eta Laukoteak erabakitakoak —edo erabaki gabekoak— baldintzatuko du erabat hartuko duen jokabidea, Rijad Najib al Maliki PANeko Atzerri ministroak aurreratu duenez. Alegia, Nazio Batuek Palestina kide gisa onar dezaten ahalik eta presio gehien egitea, AEBek nahi ez duten arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.