PANeko Poliziako arduradun eta Al Fatako kide baten hiru haur tiroz hil dituzte Gazan

Erasoaren erantzule Hamas egin du Al Fatak, eta PANeko presidenteari Legebiltzarra desegiteko eskatu dio

2006ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Palestinako Aginte Nazionaleko Poliziaren Informazio Zerbitzuetako arduradun eta Al Fata alderdiko kide Bahaa Baalusharen hiru haur hil zituzten atzo Gazan gertatutako atentatu batean. Lau eta bederatzi urte artean zeuzkaten hiru umeak eramaten zituen ibilgailua tiroz josi zuten erasotzaileek. Bezperan, aldiz, PANeko Barne ministro eta Hamaseko kide Said Siam hiltzeko saio batek porrot egin zuen, Gazan beti ere.

Polizia arduradunaren seme Salan (4 urte), Ahmad (6 urte) eta Osama (8 urte) eskolara zeramatzan autoaren aurka gutxienez 60 tiro bota zituzten, Gaza hiriko Rimal auzunean atzo goizean. Bi ibilgailutan iritsiak ziren erasotzaileek ihes egitea lortu zuten. Eraso horretan hil zen, halaber, tirokatua izandako autoaren gidaria. Haurren bizkartzainetatik bat eta inguruan ziren beste lau haur, aldiz, tiroketan zauritu zituzten.

Atentatuak zirrara olde handia piztu zuen Palestinan, eta milaka lagunek hartu zuten parte atzo arratsaldean bertan egin ziren hiru haurren hiletetan. «Gure herriko umeen aurkako egundoko krimen basatia izan da, eta Barne ministroari agindu diot ikaragarrikeria honen egileak lehenbailehen atxilotuak izan daitezen», adierazi zuen PANeko presidente Mahmud Abbasek (Al Fatakoa). Bere aldetik PANeko Gobernua bere gain daukan Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko eledun Fauzi Barhunek «Palestinako herriaren etsaiei» leporatu zien hilketaren erantzukizuna.

PANeko Poliziaren Informazio Zerbitzuetako arduradun Bahaa Baalusha koronela bere etxean zegoen haurrak hil zizkion atentatua gertatu zelarik. Mahmud Abbas PANeko presidentea buru duen Al Fata alderdi laikoko kide honi gorroto diote ekintzaile islamista palestinarrek. Orain dela zenbait hilabete hilketa saio batetik salbu eta onik irten zen Baalusha. Atzoko erasoari dagokionez, askok uste dute haurrak beraiek zeudela atentatu egileen jopuntuan, askoren jakinean dagoelako Baalushak ez zituela berak haurrak eskolara eramaten.

Al Fatako legebiltzarkideek Hamasen gobernuari leporatu zioten hilketaren erantzukizuna eta Abbasi eskatu zioten kabinetea desegin dezala. «Bere jokabidearekin, gerra zibilera garamatzan gobernu ahul eta ezgai hori desegiteko deia egiten diogu Abbas presidenteari», irakur zitekeen Al Fatako parlamentari taldeak plazaratutako agirian.

Eskari honi ihardukita, Iranen bisita ofizialez zebilen PANeko lehen ministro Ismail Haniak (Hamasekoa) bere gobernua erorarazteko egitasmo batenerantzuletzat jo zuen Abbas. Gainera, PANeko Gobernua desegiteak giroa sumindu besterik ez lukeela egingo ohartarazi zuen.

Izan ere, Al Fataren eta Hamasen arteko tentsioak gori-gorian daude eta atzoko hilketen aurretik honen adierazle izan zen Said Siam PANeko Barne ministroa hiltzeko saioa. Hau ere Gazan gertatu zen, herenegun, lau ekintzailek tiro egin zutelarik ministroa zihoan ibilgailuaren aurka. Alabaina, tiro hauek ez zuten biktimarik eragin. Tiro egileak, berriz, zenbait orduren buruan atxilotu zituztela zehaztu zuten PANeko segurtasun indarretako iturri batzuek.

BEIT HANUNGOA ARGITZEARI OZTOPO. Israelgo Gobernuak sarrera galarazi egin zion atzo Nazio Batuen Erakundeko ikerketa talde bati. 1984 urtean Nobel Bake Saria lortu zuen Demond Tutu Hegoafrikako apezpikua buru duen misioak Israelgo armadak Gazako Beit Hanun hirian azaroan, beste hainbat erasoen artean, 19 zibil palestinar hilda eginiko triskantza ikertu nahi zuen. NBEren Giza Eskubideen Batzordeak erabaki zuen ikerketa misioa sortzea eta Palestinara bidaltzea, baina Tel Avivek hori eragotzi egin du.

Erabaki horri «guztiz damugarri» iritzi zion Tutuk, Genevan (Suitza), NBEren Giza Eskubideen Batzordearen egoitzan. NBEren ikerketa talde horrek datorren ostiralerako aurkeztu behar zituen bere ikerketaren ondorioak.

ISRAELEN ARMA NUKLEARRAK. Bestalde, gauza jakina den baina Tel Avivek inoiz onartu ez duen egitatea onartu zuen, inplizituki, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek: Israelek arma nuklearrak dituela.

Alemaniako telebista batean eginiko elkarrizketan Iranek «Israel mapatik ezabatzeko» mehatxuak eta haren arma nuklearrak izan zituen hizpide Olmertek.

Tel Avivek «inoiz ez» duela halako mehatxurik egin esan, eta zera zehaztu zuen Israelgo lehen ministroak: «Esan daiteke [Iranek Israel mapatik ezabatzeko egiten dituen mehatxuekin gure] maila berean dagoela, AEB, Frantzia, Israel edo Errusiak bezala arma nuklearrak izaten saiatzen denean?».

Libanoko Gobernuaren ehunka mila aurkari, Beiruteko kaleetan



Libanon,tentsio politikoa goren-gorenean dago, Fuad Siniora lehen ministroaren gobernuaren aurka Beiruten herenegun egin zuten manifestazio erraldoiaren ostean. Amal eta Hezbola alderdi xiitak eta hauekin bat eginiko Michel Aoun jeneral kristauaren inguruko indar politikoaren deiari erantzun zioten ehunka mila libanoarrek, tartean Alderdi Komunista eta Baath alderdiak eta hainbat sunita, kristau eta xiitak. Sinioraren dimisioa eta Gobernuaren desegitea exijituta Beiruteko kaleak lepo bete zituztenak 1.500.000dik gora zirela iritzi zioten behatzaile batzuek. Igandean ere, Siniora sustatzen duten dozenaka mila libanoar ibili ziren Tripoli hiriko kaleetan. Egoera baretzeko asmoz, Beirutera joatekoa da gaur Liga Arabiarreko idazkari nagusi Amr Mussa, alde guztiekin biltzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.