Panettak adierazi du AEBak «pazientzia» galtzen ari direla Pakistanekin

Afganistanera bisita egin du Defentsa idazkariak, NATOk hemezortzi zibil hil eta biharamunean

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Gure pazientzia amaitzen ari da, eta, arrazoi horregatik, hagitz garrantzitsua da Pakistan neurriak hartzen hastea paradisu seguruak deuseztatzeko». Adierazpen horiekin AEBetako Defentsa idazkari Leon Panettak Pakistanen aurkako presioa areagotu du; Afganistanen atzerriko tropen aurka borrokan ari diren milizien aurka behar bertzeko ahalegina ez egitea egotzi dio herrialde horri. Panettak dioenez, Pakistango «paradisu seguru» horiek egon badaude, eta Haqqani sareak erabiltzen ditu, Afganistanen erasoak egiteko. Kabulen egin ditu adierazpen horiek, aurrez iragarri gabe egindako bisita batean. Hain zuzen, NATOk hemezortzi zibil hil eta biharamunean joan da Panetta Afganistanera.

AEBetako Defentsa idazkariaren bisitaren helburua tropen erretiratze prozesua gainbegiratzea izan da —2014an herrialdea utziko dutela iragarria du Washingtonek—. Plan horien inguruan eta erresistentziaren erasoen areagotzeari buruz armadako buruzagien iritzia jaso nahi duela jakinarazi du Panettak. Arreta nagusia, ordea, hegoaldeko bizilagunarengan paratu du. «Zaila da Afganistanen bakea lortzea, Pakistanen terroristentzako paradisu seguru horiek egonda».

Washingtonek Islamabadi ezarritako presioan bertze atal bat dira Defentsa idazkariaren adierazpenak. George Bushek terrorismoaren aurkako gerra hasi eta Afganistan inbaditu zuenean, Pervez Musharraf Pakistango presidentearen erabateko sostengua izan zuen. Haren agintaldia amaitu zenetik (2008), urtetik urtera Pakistanen eta AEBen harremana gaiztotzen joan da, egungo tentsio girora ailegatu arte.

Muga, gatazkaren iturria

Hainbat faktorek eragin dute harremanen hondatze hori. Afganistanekiko mugako probintziei eremu tribalak deritzote Pakistanen, jatorrizko antolamendu politiko eta soziala dagoelako han indarrean, Islamabadekiko autonomiarekin. AEBen arabera, Afganistanen jarduten duten miliziak, talibanak tarteko, han babesten dira, eta Pakistani egozten dio horien aurka deus ez egitea. Are gehiago, azken urtean eraso gogorrena egin dituen taldeak, Haqqani sareak, Pakistango zerbitzu sekretuen sostengua duela erran dute AEBetako armadako hainbat goi ofizialek. Pakistango armada, baina, Washingtonek bere lurraldean eginiko esku hartzeekin aztoratuta dago —piloturik gabeko hegazkinen bonbardaketekin eta Osama bin Ladenen hilketarekin, adibidez—. Horrez gain, Pakistango aginte zibilaAEBekin otzanegia edo konplizea ere badela uste dute militarrek.

AEBek, baina, ez dute estrategiaz aldatzeko asmorik. Duela egun batzuk, Abu Yahya ustez Al-Qaedako buruzagiordea zena hil zuten Pakistanen, piloturik gabeko hegazkinekin, eta Hillary Clinton Estatu idazkariak berretsi du «beti» defendatuko dutela Al-Qaedaren aurka «indarra erabiltzeko eskubidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.