Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroak dimisioa eman du, arratsaldean telebistan egindako agerraldian. Dena dela, ez du jakinarazi zein ariko den bere ordez karguan.
Horrekin batera, jakinarazi du batasun nazionaleko gobernua eratu dutela Grezian, herrialdeak euroarekin jarrai dezan eta eurogunearen bigarren erreskate plana gara dadin. Oposizioarekin akordiora heldu da Papandreu. "Gure desadostasunak albo batera utzi ditugu", esan du telebistan. Ondoren, Carolos Papulias Greziako presidentearekin biltzeari ekin dio.
Lehen ministroa Lukas Papademos behintzat, ez da izango. Papandreuk eta Antonis Samaras oposizioko buruak hasiera batean horrela izan dadin akordioa adostu bazuten ere, Greziako alderdi nagusiek baztertu egin dute aukera hori. "Papademosen hautagaitzarekin bi aldeetan daude arazoak", esan diote Reuters berri agentziari bi alderdietako iturriek.
Greziako hedabideen arabera, Papademosek berak "onartezinak" diren baldintzak jarri ditu. Gainera, badirudi ekonomia taldea aldatu nahi zuela, eta Evangelos Venizelos Ekonomia ministroa horren aurka dago.
Orain beste aukera batzuk aztertzen ari dira, eta horien artean Filippos Petsalnikos Parlamentuko presidentea eta Apostolos Kaklamanis PASOKeko legebiltzarkidea. Bi horiek, ordea, aukera hori baztertu dute.
Astelehenetik dabiltza PASOK Gobernuan dagoen alderdia eta Demokrazia Berria oposizioko alderdi nagusia koalizio gobernua osatu nahian. Otsailean hauteskundeetara deituko dute.