Greziako katramila politikoa gero eta nahasiagoa dago: Georgios Papandreu lehen ministroak konfiantza mozioa gainditu zuen atzo goizaldean, baina alderdikide askok eta oposizioko alderdiek dimisioa emateko eskatu diote; Papandreu kargua uzteko prest dago, baina ez du utzi oraindik; batasun nazionaleko gobernua osatu nahi du, baina oposizioko alderdi nagusiek ez dute parte hartu nahi; eta Papandreuk hauteskundeak saihestu nahi ditu, baina oposizioak hauteskundeak aurreratzea nahi du.
Krisi politikoa, beraz, Greziaren krisi ekonomikoaren eta Europako zorraren krisiaren erdian. Krisia edo kaosa. Hurrengo gobernuak, izan batasun nazionalekoa, izan hauteskundeak irabazi dituena, eskuak lotuta izango ditu, eta Greziarentzat funtsezko erronkei aurre egin beharko die: bigarren erreskate plana onartzea; bankuekin Greziari zorra nola barkatuko dioten negoziatzea; 2012ko aurrekontuak egitea eta onartzea; eta Europa eta Nazioarteko Diru Funtsa konbentzitzea, lehen erreskatearen azken 8.000 euroak ordaintzeko. Greziak presa du, abenduan diru hori behar baitu zorrak eta gastuak ordaintzeko.
Papandreuk batasun nazionaleko gobernu bat osatu nahi du, lau hilabeterako, hauteskundeetara deitu gabe; baina ez du argi eta garbi esaten berak gobernua utziko duen edo ez. «Ez nago aulkira [lehen ministro kargura] lotuta», aipatu zuen atzo, Karolos Papulias presidentearekin bildu eta gero. Papandreuk nola edo hala saihestu nahi du «hauteskundeen abentura». Ezohiko Ministroen Kontseilua antolatu du gaurko.
Koalizio gobernuaren helburua bigarren erreskatea onartzea izango litzateke. Euroguneko agintariek urriaren 27an zehaztu zituzten bigarren erreskatearen baldintzak: funtsean, Greziak 100.000 milioi euro jasoko ditu; bere hartzekodun pribatuek, bankuek, zorraren erdia barkatuko diote (100.000 milioi euro inguru); eta herrialdeek 30.000 milioi euro jarriko dituzte bankuei bermeak eskaintzeko. Laguntza horren trukean orain arte agindutako eta onartutako murrizketa guztiak indarrean jarri beharko ditu Greziak.
Babes gutxi
Kostako zaio Papandreuri batasun nazionaleko gobernua osatzea. Oraingoz eskuineko bi alderdik bakarrik daude prest gobernu horretan parte hartzeko: Laos ultraeskuindarra eta Aliantza Demokratikoa. Gobernu horrek 300 diputatutik 172ren babesa izango luke Parlamentuan, eta batasun nazionaletik gutxi.
Nea Demokratia (ND) oposizioko alderdi nagusiak —85 diputatu ditu— eta ezkerreko hiru alderdiek (KKE komunista, Syriza koalizioa eta Ezker Demokratikoa) uko egin diote batasun nazionaleko gobernuan parte hartzeari. NDk berehala nahi ditu hauteskundeak, «amesgaiztotik lehenbailehen ateratzeko».
Papandreuren esanetan, bigarren erreskatea onartu eta gero, behin-behineko gobernuak hauteskundeetarako deia egingo luke. Noiz? Otsailean. Zergatik orduan? Hauteskundeetarako deia orain eginez gero, ez litzatekeelako denbora egongo 2012ko aurrekontuak onartzeko, Evangelos Venizelos Finantza ministroaren esanetan.
Antonis Samaras NDko buruak, ordea, abenduaren 4an nahi ditu hauteskundeak, Papandreuk bigarren erreskateari buruz herri galdeketa egin nahi zuen egunean. Herri galdeketa egiteko denbora bazegoen hauteskundeak egiteko ere badagoela uste du. Bitartean, prest dago behin-behineko gobernu tekniko bat osatzeko, bigarren erreskate plana onartzeko bakarrik.
Erreskate plana bai, baina murrizketa neurri berririk gabe. «Bankuek zorra barkatzea onartuko dugu, politikak bateratzea ere bai, eta egiturazko erreformak onartzeko prest gaude», esan zuen Samarasek, atzo. «Baina txeke zuria nahi dute eta ez diegu emango, ez ditugu bozkatuko atzeraldira, sekulako langabeziara eta porrotera eraman gaituzten politika ekonomikoak».
Samaras gaur bilduko da Papuliasekin, egoera aztertzeko. Papulias datozen egunetan elkartuko da oposizioko gainerako buruzagiekin.
Papandreuk konfiantza mozioa gainditu zuen atzo goizaldean: 153 diputatu alde (Pasokeko guztiak), 145 kontra eta bi abstentzio. Azkenean diputatu sozialista guztien babesa lortu zuen, baita kontra bozkatuko zutela esan edo iradoki zutenena ere. Baina Papandreu erreta dago. Herri galdeketaren proposamenak alderdiaren barruko gatazkak hauspotu ditu, eta oposizioko alderdi nagusiek ez diote ezer onartuko berak karguan jarraitzen badu.
Evangelos Venizelos Finantza ministroa izan daiteke Papandreuren ordezkoa koalizio gobernuan. Papandreuri aurre egin izan dio alderdian eta gobernuan; Papandreuk, berriz, ez zion herri galdeketaren proposamenaren berri eman.
Panorama beltza da, eta beltz izaten jarraituko du, Grezian eta Europan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, Europak hamarkada bat beharko du zorraren krisia konpontzeko.
Papandreurekin, ezer ez
Greziako oposizioko alderdi nagusiek baztertu egin dute batasun nazionaleko gobernua, Papandreuk jarraitzen baduNea Demokratia alderdiak hauteskundeak nahi ditu abenduaren 4an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu