Hiru hautagaiek aldaketa politikoa ekarriko dutela agertu dute, eta herrialdea apenas aldatu duten agintaldien amaiera iragarri. Demokrazia 1989. urtean gailendu zen, 35 urtez Alfredo Stroessnerren diktadura jasan ostean, Partido Coloradoren babesean. Inkesten arabera, Fernando Lugo gotzainak du hauteskundeak irabazteko aukera gehien. Vatikanoak kargutik bota egin zuen duela bi urte, Gobernua aldatzen saiatzeko elizgizon izateari utzi ondoren. Askapenaren Teologiaren irudi nagusia da Paraguain.
Bestalde, Blanca Ovelar Partido Coloradoko hautagaiak emakume izatea nabarmendu du aldaketaren gidari izango dela arrazoitzeko: «Ez nau asaldatzen niri leporatzeak coloradismoak 61 urteko Gobernuan egindako bekatuak, zeren nik Lugori egotziko banizkio Elizaren bekatu guztiak, bera ezin izango litzateke lur azpitik atera».
Presidentetzarako hauteskundeetara aurkezten den beste hautagaia Lino Oviedo armadako buru ohia da, UNACE Herritar Etikoen Batasun Nazionala oposizioko hirugarren alderdiaren babesarekin. Auzitegi Gorenak errugabetzat jo zuen iaz, eta 1996an estatu kolpea egiten saiatzeagatik jarritako zigorra kendu zion. Adituen arabera, Nicanor Duarte presidentearen erabakia izan zen Oviedo aske uztea, hauteskundeei begira oposizioa zatitzeko. Duarte ezin da berriz aurkeztu, Konstituzioak ez baitu uzten legealdi bat baino gehiago karguan izatea. Presidentea lehen itzulian aukeratzera ere behartzen du. Duartek senatari kargua hartuko du, Partido Coloradoren zerrendaburua delako goi ganberarako.
BELDURRAREN DEIA AZKEN EGUNETAN. Hauteskundeen garrantziaren harira, herrialdearen historian mugarri izan daitezkeela aintzat hartuta, beldurraren deia zabaldu dute hautagaiek, herritarrek botoa besteei ez emateko. Nicanor Duarte egungo presidenteak izan du zeresana. Gobernuarekin batera, Lugo eta FARCen eta Venezuelaren arteko lotura nabarmendu du. Horrez gain, «gizarte istiluetan adituak diren atzerritarren presentzia ezohikoaz» ohartarazi du Duartek. Gobernuaren hitzetan, Venezuela eta Ekuadortik etorritakoek indarkeria ekintzak egingo dituzte Lugoren porrota ezagutzean, gotzainaren oniritziarekin hain zuzen ere. Bestalde, haren jarraitzaileek hauteskunde erroldan akatsak daudela salatu dute.
Nolanahi ere, erronka handiei egin beharko die aurre presidenteak nekazaritzan sustraitutako herrialdean: lurren banaketa desorekatuari eta pobreziari batez ere. Etxerik gabekoen protestetan hogei lagun zauritu dira asteon.
ParaGuaIKo PresIDenTeTzaraKo HauTaGaIaK
Txiroen gotzaina faborito
Fernando LugoAPC Aldaketarako Batasun Abertzalea
Askapenaren Teologiako aurpegi ezagunena da Paraguain Fernando Lugo (San Pedro del Parana, 1951). San Pedro eskualde txiroko gotzain izendatu zuten 1994an, eta nekazari taldeekin lan egin zuen. Lurjabe handientzat «ezkertiar arriskutsua» da, pobreenen alde 11 urtean egindako lana ezagun baitute. Gotzain izateari uko egin zion, politikan murgildu eta gobernua aldatzeko, eta, hala, Vatikanoak bota egin zuen.
Bozak irabaziz gero herrialdea adiskidetzen saiatuko dela adierazi du. APC Aldaketarako Batasun Abertzalearen sostenguaz gain, PLRA zentro-eskuineko alderdiak eta ezkerreko hainbat taldek eta mugimenduk babesten dute. Gobernuak haren aurkako «gerra zikina» egin du, aditu askoren ustez. Raul Cubas presidente ohiaren alaba Cecilia Cubasen hilketari garrantzi handirik ez ematea eta FARCen enbaxadore izatea leporatu diote.
Lehen emakumea
Blanca OvelarPartido Colorado
Sei hamarkadan agindu duen Partido Coloradoren gobernu ekimena luzatzen ahaleginduko da Blanca Ovelar (Concepcion, 1957) hauteskundeak irabazita. Alderdi barruko aurkariek militantzia eskasa leporatzen diote, hogei urte alderdian eraman arren. Ovelarrek arrazoitu du emakumea delako agertu direla haren aurkako ahotsak. Paraguaik presidente karguan bere moduko emakume bat behar duela dio, herrialdearen benetako izpiritua bultzatzeko. «Nigan konfiantza izan ezazue, bizimodua ateratzeko sakrifizioa ezagutzen duen ama bat naiz, badakit amek zer duten bihotzean eta zer egin behar den nazioa altxatzeko».
Bere burua sozial-demokratatzat dauka, eta herrialdea garatzeko bide onena hezkuntza dela dio. Lugoren aurkako salaketa biziak egin ditu, inkestetan lehen postuan ageri dela aintzat hartuta. Politikan murgilduta, Elizari iruzur egitea leporatu dio.
Armadaren buruzagi ohia
Lino OviedoUNACE
Herrialdean agintzea lortu nahi du Lino Oviedo armadako buruzagi ohiak (Juan de Mena, 1943). Kargua 1993an lortu zuen, eta 1996ko irailean kendu zuten, Juan Carlos Wasmosy presidentearen aurkako estatu kolpea egiten saiatzea egotzita. Bi urte geroago, Partido Coloradoren barruan hautagaia izendatzeko egindako barne bozak irabazi zituen, Luis Mari Argañaren kontra lehiatuta, baina hautagaitza ukatu zioten, auzitegi militarrak jarritako kondenagatik. Bozak egin eta berehala, bertan behera utzi zuten Oviedoren aurkako zigorra. Krisi politiko larria piztu zuen, eta Argaña eta zazpi gazte hil zituzten.
Oposizioak Gobernuari irabazteko askotariko aliantza antolatu zuenean, errugatzat jo zuten, eta ondorioz, UNACE Herritar Etikoen Batasun Nazionalak babestuta bakarrik aurkeztu da. Diktaduraren itzalpean aberastu izana egozten diote.