Jean-Jacques Le Chenadec 61 urteko gizonezkoa gaur goizean hil da, ostiralean jaso zuen jipoiaren ondorioz bi egunez koman egon ondoren. Haren alargunak eman du albistearen berri, Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroarekin batzartuta egon ondoren. "Senarraren hiltzaileak zigortzea" nahi duela adierazi du alargunak, eta Sarkozyk erabateko laguntza agindu diela.
Le Chenadecen alargunak ez ezik, Frantziako Poliziako bozeramaileak ere eman du heriotza horren berri. Biek azpimarratu dute liskarrak eragin dituzten gazteek piztutako su bat itzaltzen ari zelako jipoitu zutela.
Urriaren 27an lehertu ziren istiluak Paris inguruetako auzo eta herrietan. Harrezkero Frantzia osora zabaldu dira, eta bart gaua izan da orain arteko gogorrena: 1.400 ibilgailu erre dituzte, 30 bat polizia zauritu, eta Poliziak 395 bat lagun atxilotu ditu. 30 polizietatik bi larri daude, segurtasun indarretako iturriek agertu dutenez, perdigoi tiroekin zaurituta. Halaber, berri agentziek zabaldu dutenez, Paris inguruetako auzo batean 13 urteko gaztetxo bat ere zauritu dute, harriz jota.
Kezka handia sortu dute istiluek Frantzian. Izan ere, hasieran Paris inguruan gertatzen baziren ere, orain Frantzia osora zabaldu dira. Euskal Herritik hurbil, Pauen eta Tolosan ere izan dira liskarrak. Gobernuak iragarri du istiluetan atxilotzen dituenak gogor hartuko dituela. Dagoeneko bi bilera egin dituzte egoerari buelta nola eman aztertzeko. Chiracek atzo esan zuen "legeak izango duela azken hitza", "istiluak sortzen dituztenak, atxilotu, epaitu eta zigortu" egingo dituztela azaldu zuen. Ildo beretik mintzatu zen Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozy larunbatean. Espetxe zigor gogorrak jarriko zituztela azaldu zuen. "Frantziako errepublika indarkeria eta beldurra zabaldu nahi dituztenak baino indartsuagoa da" esan zuen.
Liskarrak Frantzian
Paris ondoan liskarretan zauritutako gizonezko bat hil egin da
Frantzian egunotan izan diren liskarren ondorioz gizonezko bat hil dela jakinarazi dute haren senideek eta Frantziako Poliziak. Iturri horien arabera, Paris iparraldean, Seine-saint-Denis herrian, sutan zegoen edukiontzi bat itzaltzen saitzen ari zen Jean-Jacques Le Chenadec ostiralean, eta gazte batzuek ukabilka eraso zioten. Ordutik koman egon da gaur hil den arte. Paris kanpoaldeko auzo eta herrietan urriaren 27an hasi ziren istiluak, Poliziatik ihesi zihoazen bi gazte elektrokutatuta hil eta Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak inguru horietan bizi den jendearenganako mespretxu adierazpenak egin ondoren. Harrezkero Frantzia guztira zabaldu dira. Bart gaua izan da orain arteko liskartsuena: 1.400 auto erre dituzte, 30etik gora polizia zauritu, eta Poliziak 395 lagun inguru atxilotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu