Azken bi urteetan, Polinesia Frantziarreko presidente kargua bost aldiz eskuz aldatu izanak nahikoa nabarmen agertzen du azpijoko politikoen artean murgilduta dagoela Paristik 16.000 kilometrotara kokatuta dagoen artxipelagoa. Egoera honek agerian ezartzen du ere Frantziaren men geratzearen alde dauden autonomisten eta Polinesia burujabetasunera eraman nahi duten independentisten artean lehia oso estua dagoela.
Plataforma Autonomista izeneko koalizioaren hautagai Gaston Tong Sang aukeratu zuten herenegun Polinesia Frantziarreko gobernuko presidente. Itsasoz Haraindiko Herrialde estatutua duen Polinesia Frantziarreko Asanbleako 57 hautetsietatik 31ren bozak jaso zituen Gaston Tong Sangek. Oscar Temaru UPLD Demokraziaren Aldeko Batasunaren hautagaiak, aldiz, 26 boto bereganatu zituen. UPLDko talde nagusia den Tavini Huiraatira alderdi independentistako buruzagia, Oscar Temaru, egon zen duela gutxira arte presidente karguan, hil honen 13an lurralde asanblearen gehiengoak bere aurkako zentsura mozioa bozkatu zuen arte.
Temaru kargutik kentzeko eta haren orde beste norbait izendatzeko eratu egin den Plataforma Autonomistak, baina,ez ditu eskuratzea espero zituen boto guztiak bereganatu lehen txandatik. Izan ere, lehen bozketa batean, Tong Sangek 27 hautetsiren babesa jaso zuen eta Temaruk 26rena, lau boto zuri egon zirelarik. Bigarren txandan, haatik, lau boto hauek Plataforma Autonomistako talde nagusi Tahoeraa Huiraatirako kidearen alde azaldu ziren.Hain zuzen,gertaera honek berak gogorarazi du Tong Sangen kargua kolokan egon daitekeela, Temarurena egon zen gisa berdintsuan.
AUTONOMISTAK ETA UHARTEETAKOAK. Bata zein bestearen boterea hartzeko eta atxikitzeko aukera Ai'a Apia eta Fetia Api alderdi autonomista txikietako bi hautetsien eta Markesak eta Tuamutu uharteetako lau zinegotzien jokaeraren meneko dira. Azken bi urteotan, bi alderdi autonomistetako hautetsiek ez dute, ez Temaruren alde, ezta haren aurretik hogei bat urtez gobernuko presidente karguan egon zen Gaston Flosseren artean hauturik egin nahi izan. Uharteetako lau hautetsiak, berriz, aldi batean Temaruren alde jarri dira eta beste batean Flosseren alde, bataren zein bestearen gobernuetan lortzen zituzten ministro karguen arabera.
Horiek horrela, Gaston Tong Sangek lortu duen babesak Temaruk inoiz izan duena baino zabalagoa badirudi ere, Polinesia Frantziarreko politikaz adituek iritzi diote gobernuko presidente berriaren aldeko «gehiengo fidagarria» 25 hautetsirena besterik ez dela, Ai'a Apia eta Fetia Apiko autonomisten eta uhartetako hautetsien jokaera edonoiz aldatu daitekeelakoan, orain arte bezala.
Hautetsiok, Gaston Flosse presidente ohiaren inguruan osatutako Plataforma Autonomistaren alde jartzea traturen bat egitearen emaitza izan da eta Tong Sangek ordaindu beharko duena agerian geratuko da datorren igandea aurretik bere gobernua osatu beharko duelarik.
«PARISEK TELEGIDATUTAKO AFERA BAT» Oscar Temaruk gogorgaitzetsi ditu herenegungo bozketan eta aurretik izandako zentsura mozioaren inguruan gertatutakoak. Gobernuko presidente ohiak «zitalkeria» eta «demokrazia itxurakeria» salatu ditu eta, bere ustez,«herriaren borondatea zangopilatu» egin da. «Menpekotasunean dagoen herrialde batean, demokraziarik ezin daiteke izan» ondorioztatu zuen Tavini Huiraatirako buruak.
Temaruren iritzian, Polinesia Frantziarrean azken bi urtetan gertatutakoak «Parisek urrunetik gidatutako afera bat» izan da. Hitz hauekin, nabarmendu nahi zuen 1984 eta 2004. urteen artean, ia etenik gabe, Polinesia Frantziarreko Gobernuko presidente kargutan egon den Gaston Flosse Frantziako presidente Jacques Chiracen adiskide mina dela eta azken honek ahalegin guztiak egin dituela herrialdearen burujabetzaren aldekoak boteretik baztertzeko.
Flosse eta Tong Sangen Tahoeraa Huiratira alderdi politikoa Frantzian boterean dagoen eskuineko indar politiko nagusiarekin harremana duela gogorarazi izan du Temaruk: «UMP Estatu kolonialistarik ez dugu nahi honezkero».
FRANTZIAKO EZKERRAREN ALDEKO DEIA. Gertatutakoa «lotsagarritzat» jo zuen arren, Temaruk «lasaitasunez jokatzeko» deia egin zien bere aldekoei. «Gaurtik aurrera, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpainan sartuko gara buru-belarri» adierazi zuen, halaber, Polinesia Frantziarreko indar independentistetako buruak. Hori esanda, PS Frantziako Alderdi Sozialistak 2007. urteko apirilean eta maiatzean egingo diren presidentetzarako bozetarako hautagai gisa aukeratu egin duen Segolene Royalen jarrera berretsi zuen Temaruk.
Polinesia Frantziarreko Gobernuko presidente ohiak azpimarratu zuenez, «Frantziako ezkerreko indarrek dute Kaledonia Berriko prozesua bultzatu, honek 2014. eta 1019. urteen bitartean erabakitzeko eskubiderako herri galdeketa batera eraman behar duelarik».Hortaz, Polinesia Frantziarraren burujabetasunaren alde dauden artxipelagoko herritar guztiak Segolene Royalen alde boto egitera deitu zituen herenegun Oscar Temaruk.
Paris, Polinesian azpijokoan
Plataforma Autonomistako hautagai Gaston Tong Sang aukeratu dute Polinesia Frantziarreko presidente; Parisen menpe egotearen aldekoa da; burujabetzaren aldeko Oscar Temaruren lekua hartu du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu