Entzuketak

Parisek onartezintzat jo du AEBek Frantziako estatuburuak zelatatu izana

Bart zabaldu zenez, 2006tik 2012ra bitartean entzuketak egin zizkieten Jacques Chiraci, Nicolas Sarkozyri, François Hollanderi eta haien gertuko beste hainbat diplomazialariri. Barack Obamak esan du "onartezinak" direla halako entzuketak. 

François Hollande Frantziako presidentea. JULIEN WARNARD / EFE
arantxa elizegi egilegor
2015eko ekainaren 24a
07:43
Entzun

Ulertezin eta onartezintzat jo du Frantziako Gobernuak "aliatuen artean" entzuketak egin izana, eta azalpenak eskatu dizkio Washingtoni. Izan ere, Liberation eta Mediapart kazetek zabaldutako informazioaren arabera, AEBetako Segurtasun Nazionalerako Agentziak Jacques Chirac, Nicolas Sarkozy eta François Hollande zelatatzeko "operazio zabala" jarri zuen abian, 2006 eta 2012 artean.

Horiek hala, Hollande bera eta Manuel Valls lehen ministroa defentsako arduradunekin bildu dira, publiko egindako informazioa aztertzeko asmoz. Gobernuko eledun Stephane Le Follek ohartarazi du ez dutela onartuko euren "segurtasuna arriskuan" jartzen duen esku hartzerik, eta iragarri du egin beharreko lehen urratsa azalpenak eskatzea izango dela: "Ez dezagun krisi bat eragin. Hausnartu egin behar dugu hitz egin aurretik. Badaude nahikoa gatazka".

AEBek Frantzian duten enbaxadoreari, Jane D. Hartleyri, deitzea izan da Hollandek hartu duen lehen neurria. Ez da, hala ere, halakorik gertatzen den lehen aldia. Izan ere, duela bi urte antzeko krisi bat lehertu zen Parisen eta Washingtonen artean, eta orduan ere azalpenak eskatu zituzten AEBek hainbat enpresari eta politikariri egindako ustezko entzuketen inguruan.

Horretaz gain, arratsaldean gaia jorratuko dute Batzar Nazionalaren bilkuran.

Obamaren erantzuna

Frantziak eginiko eskaerak ez dira hutsean geratu; Barack Obama AEBetako presidenteak esan du "onartezinak" direla halako entzuketak egitea. Hala, gehiago ez egiteko bideak jarriko dituela iragarri du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.