Ameriketako Estatu Batuetan Orlandoko erasoa gertatu zenetik ordu gutxi batzuetara, Frantziatik heldu da albistea. Atzo iluntzean, Frantziako Magnanville herrian, 42 urteko polizia bat hil zuten labanaz. Ondoren, erasotzailea hildako poliziaren etxean sartu zen, eta haren bikotekidea —polizia hura ere— eta 3 urteko semea hartu zituen bahitu gisara. Bahiketak hainbat ordu iraun zuen, baina gauerdian indarrez sartu ziren segurtasun indarrak etxean. Iturri ofizialen arabera, erasotzailea tiroz hil dute operazioan. Poliziaren bikotekidea, berriz, hilik aurkitu dute. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa webgune batean argitaratutako ohar baten bidez.
François Hollande presidenteak larrialdiko bilera egin du goizean, gertatutakoa argitzeko asmoz. Haren ostean, Bernard Cazeneuve Barne ministroak nabarmendu du "ekintza terrorista" izan dela hilketa, eta gogorarazi du urte hasieratk ehun pertsona inguru atxilotu dituztela, "terrorismoaz" akusatuta. Frantzian indarrean jarraitzen du joan den azaroaren 13an ezarritako larrialdi egoerak. Orduan, Parisen eta inguruetan egindako hainbat erasotan 130 lagun hil zituzten.
Bestalde, eta Eurokopa dela eta, segurtasun neurriak nabarmen indartu dituzte Frantziako agintariek.