Belgikako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu gaur, "terrorismo jihadistarekin" lotuta. Horien artean dago Mohamed Abrini, fiskaltzaren arabera Parisko atentatuen egileetako bat. Haren hatz markak erasoetan erabili zuten autoetako batean aurkitu zituztela jakinarazi du.
Gainera, Abriniren DNA Bruselako apartamentu batean ere aurkitu zutela adierazi du fiskaltzak. Apartamentu horretan egon ziren, era berean, betiere fiskaltzaren hitzetan, Bruselako atentatuetan immolatu ziren pertsonak ere.
Fiskaltzak esan du, gainera, ikertzen ari dela Abrini ote zen Bruselako Zaventem aireportuko bideo kamerek grabatu zuten eta bere burua immolatu ez zuen hirugarren pertsona.