Egun berean hiru protesta elkartu dira Frantziako hiriburuaren erdigunean: Jaka Horien 45. mobilizazioaz gain, herritarrak Parisen manifestatu dira "klimaren eta justizia sozialaren alde", eta Emmanuel Macron presidenteak egin nahi duen pentsioen erreformaren aurka, Force Ouvriere (FO) sindikatuak deituta.
Jaka Horiek hitzordu "historikotzat" aurkeztu dute gaurko protesta, eta, horren ondorioz, gobernuak 7.500 polizia atera ditu Parisko kaleetara; hainbat kale itxi ditu, eta segurtasun eremu bat sortu du, duela bi urte onarturiko "terrorismoaren aurkako" lege batean oinarrituta. Hiriko monumenturik ezagunenetako batzuk ere itxi dituzte.
Atxiloketa ia guztiak hitzordu horretan izan dira: 18:00etarako, 163 lagun atxilotu dituzte, gobernuak jakinarazi duenez. Besteak beste, poliziek negar gasa erabili dute manifestarien aurka Eliseoko Zelaietan eta Saint-Lazare tren geltokian.
PARIS - #Acte45 : Les #GiletsJaunes de retour sur les #ChampsElyseespic.twitter.com/47vMIctn3T
— Clément Lanot (@ClementLanot) September 21, 2019
Jaka Horiez gain, klimaren alde manifestatzera deituta zeuden herritarrak. Hasieran festa giroan izan diren arren, orduek aurrera egin ahala tentsioa handitzen hasi da hitzordu horretan ere.
Lekukoek Twitter sare sozialean jakinarazi dutenez, blokeatuta egon dira pare bat orduz, eta horren ondorioz mobilizazioa amaitzea erabaki dute; tartean, manifestariek eztabaida gogorrak izan dituzte poliziekin. 15.000 lagun inguru elkartu dira manifestazio horretan.
Portés par le vent les gaz lacrymogènes de la tête de manif atteignent tout le cortège obligeant les manifestants à s’écarter, surtout ceux venus avec leurs enfants #marcheclimatpic.twitter.com/5KswDFFR27
— Aline Leclerc (@aline_leclerc) September 21, 2019
Bi manifestazio horiekin batera, Macronen pentsioen erreformaren aurka kalera atera dira herritarrak, FOk deituta. Sindikatuaren arabera, hitzordu horretan ere 15.000 lagun elkartu dira.
Egun, pentsioa kalkulatzeko, langile batek jasotako soldata eta kotizatutako urteak hartzen dira aintzat. Horren ordez, Frantziako Gobernuak "puntukako sistema unibertsal bat" ezarri nahi du, sistema "sinplifikatze" aldera.
Eliseotik hitzeman dutenez, ez dio utziko banaketa sistema bat izateari —aktiboen kotizazioek eutsiko diote erretiratuen pentsioari—, eta "elkartasun" printzipioa ere bermatuko du. Sindikatuei, ordea, ez zaie ongi iruditu aldaketa.
Pour se faire une idée de la #manifFO. Selon le secrétaire général, Yves Veyrier, il y a « largement plus de 15 000 personnes ». Un haut gradé de la conf glisse qu’ils ne s’attendaient pas être autant pic.twitter.com/XWnRbruuxn
— Raphaëlle Besse Desmoulières (@raphaellebd) September 21, 2019