Legezko bataila Egiptoko bizitza politikoaren protagonista nagusi bihurtu da. Botereaz jabetzeko Mohamed Mursi presidentearen eta militarren arteko borroka epaitegietan, dekretu eta kontra-dekretuetan, eta sinboloetan jokatzen ari da; bitartean, herrialdeak gobernu gabe jarraitzen du, eta inork ez du ekonomiaz edo eskubide sozialez hitz egiten. Ekainean konstituzioaren kontrakotzat deklaratu zutenetik lehen aldiz bildu zen atzo legebiltzarra. Presidenteak joan den igandean onartutako dekretua bete du parlamentuak, eta muzin egin dio duela aste gutxi Junta Militarrak ganbera desegiteko emandako aginduari. Ordu batzuk geroago, ordea, presidentearen dekretua baliogabetu du Egiptoko Auzitegi Konstituzionalak.
Ez zen ohiko saioa izan. Minutu gutxi batzuk behar izan zituen parlamentuko presidente Saad el-Katatnik —Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdikoa da— azaltzeko ganberak inkonstituzionaltasun ebazpena Kasazio Auzitegira eramatea erabaki duela. Auzitegi horrek epaia eman bitartean ez da saio gehiago izango legebiltzarrean, Katatnik aurreratu duenez: «Estatua legeek mugatuta dago bere jarduera guztietan. Parlamentuak oso ondo daki zeintzuk diren bere eskumenak, eta errespetatu egiten du botere judiziala».
Junta Militarrak bere gain hartua du botere legegilea parlamentua desegitea erabaki zutenetik, baina presidentearekin inolako akordiorik egin izana ukatu du, eta botere judiziala errespetatzen duela berretsi du. Presidentea zuzenean kritikatu barik, militarrek legebiltzarra ixteko arrazoiak zeintzuk izan diren azaltzeko agiri bat argitaratu zuten atzo. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenarekin bat dator militarren agiria.
Labur esanda, Mursi presidenteak hordagoa jo du parlamentuaren irekiera aginduta, botere judizialari eta militarrei erronka joz, ganbera desegitea agindu zuten horiei hain zuzen. Gero, legebiltzarrak bilera egin du —indar liberal gehienak eta independente asko ez dira joan— sistema judiziala errespetatzen duela adierazteko. Bien bitartean, militarrak ez dira polemikatan sartu.
Beste auzitegi batean, administratiboan, presidente dekretuagatik Mursiren kontra aurkeztutako salaketak aztertzeko saioa astebete atzeratu zuten atzo, Egipton auzi garrantzitsu guztiekin gertatzen den bezala. Gainera, gogoratu beharra dago irailaren 4rako aurreikusten dela beste epaiketa bat, Anaia Musulmanen kontrakoa. Baliteke mugimendua legez kanporatzea, behin-behineko gobernuak trantsizioan onartutako gobernuz kanpoko erakundeen legea ez betetzeagatik.
Legezko bataila
«Borroka politikoa legearen alorrean sartzen ari da», Hasan Nafaa Kairoko Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslearen ustez. Legebiltzarra berriz zabaltzeko Mursik erabili duen arrazoia Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenean oinarritzen da, haren arabera soilik ganberaren heren bat aukeratu baitute hauteskunde legea urratuta —hautagai independenteentzat gordetako herena hain zuzen—; gainontzeko legebiltzarkideak, ordea, legez aukeratutakoak ziren. «Epaitegiek erabaki beharko dute», azaldu du Nafaak, arrazoia nork duen ez dakiela.
Boterea eskuratzeko borrokaren itzalpean geratu den gobernuaren eraginkortasun ezaz, berriz, zera uste du Naffak: «Benetako auzia da presidenteak militarrek konstituzioaren zuzenketen bidez mugatu dioten boterea berreskuratu nahi duela». Bestalde, irakasleak ez ditu sinesten Anaia Musulmanen eta militarren arteko itunen inguruko konspirazio teoriak. «Ez dut uste akordiorik dagoenik, esango nuke mundu guztia ari dela indarkeria hauspotu gabe bataila irabazteko ahaleginean».
Kalte handiagoak saihesteko, hain zuzen ere, Mursiren gobernuan sar daitekeen Mohamed el-Baradei ezkerraren sinboloak biltzeko eta krisiari adostasun bidezko konponbidea bilatzeko deia egin die militarrei, presidenteari eta legebiltzarkideei. Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak berretsi du bere erabakiak behin betikoak direla, eta mehatxu egin dio presidenteari erabakia ez betetzeagatik. Jarrera horiek guztiak berriak dira Egipton, aurreko presidentearekin pentsaezinak baitziren erabat.
Islamistak Tahrir plazan
Mohamed Mursi eta Anaia Musulmanak, baina, ez dira bakarrikpresidente dekretuei esker bizi. Beharrezkoa denean, egunotan bezala, Tahrir plaza sinbolikora ateratzeko deia egiten die beraien jarraitzaileei. Halaxe gertatu zen atzo ere. Milaka lagun bildu ziren bertan presidenteari babesa erakusteko eta militarren boterearen kontra protesta egiteko. Presidenteak du boterea, edo Denok gaude zurekin, presidentea izan ziren plazan gehien entzun eta ikusi ziren leloak, iaztik behin eta berriz errepikatu den Behera botere militarra aldarrikapen nagusiarekin batera.
«Presidentea babesteko nago hemen, eta parlamentua zabaltzeko eskubidea duela defendatzeko, jendeak askatasunez aukeratu zuelako». Mahmud Hanafirenak dira hitzak, 50 urteko kimika irakaslearenak. «Era berean, ezetz esan nahi diet militarrei eta konstituzioan egin dituzten zuzenketei», Hanafik, eta galdera bat bota du berehala: «Zergatik esan ziguten botoa ematera joateko, arazoak egongo zirela bazekiten?». Legebiltzarraren kontrako ebazpena «legezkoa» izan beharrean, «politikoa» izan dela uste badu ere, Hanafik atea zabalik uzten dio itunari: «Ados, Mursik ezetz esan diezaiola parlamentuari, baina militarrek ere ezabatu ditzatela konstituzioaren zuzenketak».
Tahrir plazan bildutako Qader izeneko beste manifestari batek, berriz, ziurtzat jotzen du Anaia Musulmanen eta armadaren artean itun bat dagoela. «Baina Mursi derrigortuta zegoen legebiltzarra zabaltzeko pausoa ematera». Qaderrek argi du zer arrazoigatik joan den plazara protesta egitera: «Presidenteari lana bakean egiten utzi diezaiotela nahi dut». Alderdi politikoekin lerratu gabeko herritar arrunta dela azaldu du Qadarrek, eta bere desioa «Egipto haztea eta herrialdeak aurrera egitea» dela.
Dena dela, azken egunetan argi geratu dena da Tahrir plaza islamisten lurralde bihurtu dela. Talde liberal eta ezkertiarrak —batzuk deseginda daude jada, Gazte Iraultzaileen Koalizioa esaterako—hesiaren beste aldetik ari dira Anaia Musulmanen bataila jarraitzen. Nolanahi ere, askok bat egiten dute islamistekin, militarrei kontra egiteagatik.
Era berean, argi geratu da islamisten kontra eta militarren alde daudenak ere esnatzen hasi direla, eta Kairoko beste leku batzuetan protestak egiten hasi direla. Islamistak garaitzeko estatu kolpea ere eskatu dute, mehatxu erlijiosotzat jotzen baitituzte Anaia Musulmanak. Atzo bertan, istiluak izan ziren legebiltzarraren atarian presidente berriaren jarraitzaileen eta aurkarien artean.
Parlamentua irekitzeko Mursiren dekretua atzera bota du Justiziak
Egiptoko presidenteak erronka jo die militarrei legebiltzarra zabalduta, eta milaka lagunek babestu dute erabakia Tahrir plazanSaio gehiago ez egitea erabaki du ganberak, inkonstituzionaltasunaren auzia argitu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu