ITALIA

Parlamentuaren osaketa erabakiko dute italiarrek

Parte hartzea %58,76koa izan da 19:00etan. Silvio Berlusconi presidente ohia bozkatzera joan denean, Femen taldeko ekintzaile batek protesta egin du haren aurrean.

2018ko martxoaren 4a
20:34
Entzun

Hauteskunde orokorretako bozketa egiten ari dira gaur Italian, eta herrialdeko parlamentuaren osaketa erabakiko dute boza ematera deituta dauden 46 milioi herritarrek. Hauteslekuak 23:00ak arte egongo dira zabalik. Beraz, gauerdi ingururako espero dira azken emaitzak.

Emaitza iragarpenek alderdi askoren artean banatutako ordezkaritza aurreikusten dute. Hala balitz, azken urteetako joerari eutsiko lioke Italiak. Izan ere, 2013ko parlamenturako hauteskundeek ez zuten irabazle argirik ekarri, eta, orduz geroztik, hiru lehen ministro izendatu dituzte: Enrico Letta, Matteo Renzi eta Paolo Gentiloni. Guztiak Errepublikako presidenteak aukeraturikoak.

Hauteskundeetara aurkeztu diren indarren artean hiru bloke handi nabarmentzen dira. Batetik, Mateo Renzi lehen ministro ohiak gidatzen duen zentro-ezkerra. Bestetik, Silvio Berlusconiren Forza Italia eta harekin batera koalizioan aurkeztu diren Lega Nord alderdi ultraeskuindarra eta Fratelli d'Italia alderdi xenofoboa. Hirugarrenik, Bost Izarren Mugimendua, Beppe Grillo komikoaren antikasta alderdi euroeszeptikoa. Inkesta guztien arabera, azken horren jasoko ditu boz gehien. Ezkerreko alderdiak, berriz, zatituta aurkeztuko dira.

Italiarrek hauteskunde sistema berriaren araberako emaitzak izango dituzte, lehenengoz. Sistema horrek ezartzen duenez, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideen %36 hautes barruti bakoitzean bozkatuenak izan diren alderdiei egokituko zaie, eta gainerako %64, berriz, era proportzionalean banatuko da. Sistema horrek koalizioei egingo die mesede.

Aldaketak botopaperren zerrenda osatzeko erari ere eragin dio, eta ondorioz, hainbat nahaste izan da hautesleku askotan. Atzerapena eta ilarak eragin dituzte zalantzek. Palermon, esaterako, 200.000 botopaper erretiratu dituzte baliogabetuta, izen okerrak zituztelako.

Ez da izan bozketako gorabehera bakarra. Silvio Berlusconi Forza Italia alderdiko hautagai eta Italiako presidente ohia bozkatzera joan denean, Femen talde feministako ekintzaile bat igo da hautes mahai gainera, gorputzaren goiko aldea biluzik eta bertan "Berlusconi akabatuta zaude" idatzita zuela.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.