Libanoko Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdiek Mitxel Suleiman armadako buruzagiaren hautagaitza sostengatu dute. Oposizioak gehiengoarekin bat egiten badu, herrialdeko krisi politikoa gainditzeko aurrerapauso garrantzitsua ematea lortuko dute Libanon. Alabaina, oposizioko alderdi nagusiek ez dute Suleimanen hautagaitzaren alde egingo duten ziurtatu oraingoz.
Iragan azaroaren 28an Emile Lahudek presidentetza utzi zuenetik Legebiltzarrak ez du izendapen berririk egin kargurako. Herrialdeko segurtasunerako arduraarmadak hartu du, gainera, Lahudek presidentetza uztearekin bat, eta Gobernuak legitimaziorik ez duela argudiatuta, eskumen hori helarazi baitzion. Alabaina, iragan asteko jazoerek aspalditik hasitako krisi politikoa muturreraino iritsi dela baino ez dute erakusten.Libanoko legebiltzarkideak presidente berria aukeratu ezinda aritu dira. Hala, Suleimanen hautatua izateko adostasun zabala lortu nahi dute oraingoan.
OPOSIZIOAREN ZAIN. Libanoko oposizioak ez du hautagaitzaren gaineko adierazpen ofiziala egin. Aitzitik, Michel Aoun Siriaren aldekoa den FPM Fronte Patriotiko Askea alderdiko buruzagia hautatua izan dadin lan egin du oposizioak. Aounek berak, gainera, Suleimani sostengua emango badio hainbat baldintza ezarri ditu: sei urteko agintaldiaren ordez, presidente berria bi urteko agintaldirako hautatua izatea, eta lehen ministroa adostasunez hautatzea.
Oposizioko alderdi nagusiak, Hezbulak, ez du adierazpenik egin Legebiltzarreko gehiengoak proposatutako hautagaitzaren inguruan. Urtea hasi zenetik Suleiman aukeratua izan zedin aritu da Hezbula, orain, ordea, Aounek hartutako erabaki oro sostengatuko duela ziurtatu du.
Bestalde, armadako buruzagiak presidentetza eskuratuko badu, Libanoko Konstituzioari zuzenketak egin beharko dizkiote. Konstituzioko 49. artikuluak Estatuko goi kargu bati hori utzi eta bi urte pasatu arte presidentetzara aurkeztea galarazten dio.
Parlamentuko gehiengoak Suleimanen hautagaitza sostengatu du Libanon
Oposizioak du azken hitza; armadaburua presidente bihurtzeko Konstituzioa erreformatu beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu