Europako Batasuneko 350 milioi herritar daude deituta botoa ematera. Parte-hartzea, aldiz, %50etik beherakoa izango dela aurreikusten dute inkestek; %49koa, hain zuzen, Gallupen inkestak iragarri duenez. EBren historiako parte-hartzerik txikiena izango litzateke, 1979an lehen aldiz sufragio unibertsalez aukeratu zenetik Parlamentua. Zenbait herrialdetan, gainera, abstentzioa oso altua izango dela iragartzen dute inkestek: Eslovakian, Herbehereetan, Portugalen, Estonian, Polonian eta Txekiar Errepublikan, adibidez %70-80koa. Hauteskunde hauek ere izango dute beste alde negatiborik ere: hautetsi euroeszeptikoen kopuruak gora egingo duela dirudi, batez ere maiatzean EBko kide berri bihurtu ziren Europa erdialde eta ekialdeko 10 estatuetan. Joera hori Polonia, Eslovakia eta Txekian islatuko da nabarmenen, aurreikuspenen arabera. Erresuma Batuan, Danimarkan eta Suedian ere alderdi euroeszeptikoen igoera espero da. Alderdi horiek beren estatuen interesen kontrakotzat jotzen dute EBren hedapena. Legebiltzar berriak 732 diputatu edukiko ditu orotara aurreko legegintzaldian 626 ziren eta Europako Alderdi Popularrak gehiengoari eutsiko diola espero da.
Zigor botoak
Parte-hartze iragarpen txarrek kezkatuta, EBko 25 Atzerri ministroek bozkatzeko deia egin diete herritarrei. Europako Batzordeak, bestetik, kopurua ahalik eta handiena izatea nahi du, Europako Legebiltzarrak «zilegitasun demokratiko handiena» eduki dezan.
Europako Batasunak erabaki garrantzitsuak hartu behar ditu datozen hilabeteetan konstituzioa, Europako Batzordea berritu, Turkiaren hautagaitza onartu edo ez. Alabaina, herritarrek beren burua urrun ikusten dute erabaki horietatik eta bestelako asmoek baldintzatuko dituzte hauteskundeetako emaitzak. Inkestek adierazten zutenez, estatu askotan agintean dagoen gobernuaren aurkako zigor botoa emango dute hautesleek. Alabaina, Iraken inguruan NBEko Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat onartu izanak kontrako emaitza horiek apaltzen lagun dezake Erresuma Batuan zein Italian. Belgikako lehen ministro Guy Verhofstadt ere egoera zailean dago; izan ere, Flandesen oposizioak irabaziko du, itxura guztien arabera. Verhofstadt Europako Batzordeko presidente berria izateko hautagai ez-ofiziala da. Zigor botoa espero ez den estatu bakarretakoa Espainian da; Alderdi Sozialistak 10 puntuko aldea ateratzen dio inkestetan Alderdi Popularrari. «Herrialde bakoitzean, ohikoa den bezala, bertako gobernuaren alde edo kontra bozkatuko dute herritarrek», adierazi du Romano Prodi Europako Batzordeko presidenteak. Europako Politikarako Ikasketa Zentroak ere iritzi bera adierazi du: «Europako bozketa baten ordez 25 estatu kideetako bakoitzeko bozketa paraleloak dirudite».
Emakume gutxiago
1999an baino emakume gutxiago aurkeztu dira hauteskundeetara: 5.139 emakume eta 9.517 gizon. 1999ko bozen ostean, 626 diputatutatik 189 ziren emakumeak (%30). Maiatzean Europa ekialdeko diputatuek eserlekua hartu zutenean, portzentajea %27,92ra jaitsi zen eta astelehenetik aurrera joera bera izango da, Legebiltzarreko iturriek diotenez.
-
Hauteskundeen egutegia
Osteguna: Eskozia, Gales, Irlanda iparraldea, Erresuma Batua eta Herbehereak.
Ostirala: Irlandako Errepublika.
Ostirala eta larunbata: Txekiar Errepublika.
Larunbata: Letonia eta Malta.
Larunbata eta igandea: Italia eta Sardinia.
Igandea: Austria, Flandes, Walonia, Alemania, Danimarka, Finlandia, Sami Herria, Euskal Herria, Galizia, Herrialde Katalanak, Estonia, Lituania, Zipre, Frantzia, Grezia, Hungaria, Luxenburgo, Polonia, Portugal, Eslovakia, Bretainia, Korsika, Eslovenia, Espainia eta Suedia.
-
GERTAERA
Portugalgo hautagai sozialista, hilda
Portugalgo oposizioko hautagai nagusi Antonio Sousa Franco sozialista atzo hil zen, igandean egingo diren bozetarako kanpainan. Portoko merkatu batean zelarik, jarraitzaileak eta aurkarien arteko liskarrak izan ziren. Onik atera zen arren, handik gutxira bihotzekoak jo eta hil egin zen. 61 urte zituen eta Finantza ministro izan zen, 1995-1999 artean.
Azken inkestek lehen postuan jartzen zuten Alderdi Sozialista, Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokrataren eta Alderdi Popularraren aurrean. Portugalek Europako Legebiltzarrean 24 diputatu izango ditu.