MUNDUA

Parte hartze politikoaz hitz egiteko epea luzatu dute FARCek eta Kolonbiako Gobernuak

Hiru egunez luzatu dute epea; abuztuaren 10ean amaituko dute bake elkarrizketen bigarren puntuari buruzko bilera sorta.

2013ko uztailaren 31
10:51
Entzun

Kolonbiako Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak negoziazio agendaren bigarren puntuaren inguruan ari dira hitz egiten; hots, FARCeko gerrillariek politikan parte hartzearen inguruan. Parte hartze politikoa sustatzeko eta oposizioa egin ahal izateko, "segurtasuna bermatzeko neurriak" aurreikusten ditu Habanan sinatutako itunak.

Bi aldeek adostu dute parte hartze politikoari buruzko bilera sorta hiru egunez luzatzea, eta, beraz, abuztuaren 10ean amaituko dituzte ofizialki agendako bigarren puntuaz eztabaidatzeko bilkurak.

Habanan ari dira batzartzen bi aldeetako ordezkariak. Radio Caracol irrati kateak jakinarazi duenez, aldebiko su-etena ezartzeko eta negoziazio agendan gai berriak txertatzeko eskatu dute FARCek. Ezezkoa erantzun dio Kolonbiako Gobernuak.

Atzo, gerrillak Piedad Cordoba senatari ohiari galdegin zion FARCen esku dagoen AEBetako militar bat aske uzteko prozesua gida dezala. Aukera hori baztertu zuen iragan astean Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak.

Cordoba prest agertu da militarra askatzeko lanetan parte hartzeko, baina Santosek aukera hori baztertu eta gero, hark esandakoa errespetatuko zuela esan zuen Cordobak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.