Ekialde Hurbila

Parte hartze txikia izan da Libanoko hauteskundeetan

Bozkatzeko eskubidea zutenen %49k eman dute botoa, aitzineko hauteskundeetan (2009) baino bortz puntu gutxiagok. Behin-behineko emaitzen arabera, Hezbollahek eta haren aliatuek gehiengoa edukiko lukete.

Hezbollahen jarraitzaileak hautesleku batean, atzo, Beiruten. NABIL MOUNZER / EFE
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 7a
13:32
Entzun

Bederatzi urte egin dituzte Libanon parlamenturako hauteskundeak antolatu gabe. Uste baino txikiagoa izan da parte hartzea; hango hedabideen arabera, botoa emateko sistema aldatu izanak eragina izan du, neurri batean. Izan ere, herritar bakoitzak bi boto emateko aukera zuen: zerrenda itxi bati, eta hautagai gogokoenari. Emaitzak gaur goizean jakinaraztekoak ziren, baina gobernuak gibelatu egin du horien jakinarazpena.

Hainbat hedabidek eta berri agentziek argitaratu dituzten proiekzioen arabera, Hezbollahek eta aliatuek parlamentuko jarlekuen erdiak baino gehiago lortu dituzte, eta alderdi xiitaren arerio nagusiak, Etorkizuna Mugimenduak, beheiti egin du zertxobait. Parlamentuko indar nagusia izan da Saad Hariri lehen ministroaren Etorkizuna, baina, aliantza sistemaren ondorioz, gutxiengoan egon da azken urteetan. Reuters agentziak argitaratu duen proiekzio baten arabera, irabazi ikusgarrienak LF Libanoko Indarrak alderdiak izan ditu, zortzi diputatutatik hamabortzera igarota. Samir Geagea buruzagi kristau maronita du liderra. Etorkizunaren aliatua da LF.

Israelen mehatxua

Nazioartean arreta handia erakarri dute Libanoko hauteskundeek, herrialde horrek Ekialde Hurbilean duen garrantziarengatik. Hezbollahek emaitza onak izan dituela egintzat jota, Israelek mehatxu zuzena egin dio Libanori, Naftali Bennett Hezkuntza ministroaren bidez: "Israelgo Estatuak ez du ezberdinduko Libanoko estatu burujabearen eta Hezbollahen artean, eta Libano joko du erantzuletzat haren lurraldetik aterata gerta litekeen edozein ekintzarengatik", idatzi du Twitterren.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.