Iraken okupazioa

Pasa den astean bahitutako hiru japoniarrak askatu dituzte

Mujahidinen Brigadak taldeak pasa den astean bahitu zituen hiru japoniarrak askatu ditu gaur eguerdian. Bahitzaileek Irakeko Ulemen Batzordearen esku laga dituzte gatibuak, batzordeko kide Abdesalam al Kebeisik esan duenez, egoera onean. Kebeisiren arabera, Mujahidinen Brigadetako kideek atzo jakinarazi zioten gaur gatibuak askatuko zituztela. Bestalde, AEBetako militarrek jakitera eman dutenez bi soldadu estatubatuar hil dituzte , bat Samarran eta bestea, Mosulen. Bi hirietan sunitak dira gehiengoa. Ez dute esan erasoak nola izan diren.

2004ko apirilaren 15a
16:03
Entzun
Japoniako tropak erretiratu ezean gatibu zituen hiru japoniarrak bizirik erreko zituela mehatxu egin zuen Mujahidimen Brigadak joan den astean. Ordea, ez dute mehatxua bete, eta gaur eguerdian aske utzi dituzte hirurak. Brigadek atzo jakinarazi zioten Ulemen Batzordeari gaur askatuko zituztela bahituak. Amarijako Al Kubeisi meskitan utzi dituzte bahituak, Ulemen Batzordearen esanetan, egoera onean.

Hala ere, erasoak ez dira gelditu, eta gaur bertan bi soldadu estatubatuar hil dituzte sunitak gehiengoa diren bi hiritan, bata Samarran, eta bestea Mosulen.

Falujako tregoa gero eta ahulago

Falujako tregoa gero eta ahulago dago, han etengabeak dira liskarrak. Azkena gaur bertan izan da, helikoptero estatubatuar batek anbulantziaren aurka eraso egin duenean. Erasoan, mediku taldeko hiru irakiar larri zauritu dira.

Bestalde, Najaf hiriko egoerari irtenbidea emateko ahaleginetan ari dira. Han, Muktada Al Sadr xiiten buruzagia dago babestuta, eta hiriaren kanpoaldean soldadu estatubatuarrak daude buruza xiita atxilotu edo hiltzeko asmotan. Elkarrizketen helburua hiri barruan borrokarik ez izatea da, bestela, xiiten oldarraldia areagotu daitekeelakoan.

Gauzak horrela, Erresuma Batuko Lehen Ministro Tony Blair AEBetara joatekoa da, bihar hango presidente George W. Bushekin Irakeko egoeraz hitzegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.