Ukraina. Krisi politikoa

Pasaporteak, zinta gorriak eta erlojuak

Martxoaren 16az geroztik ez dute gorabehera handirik nabaritu Simferopolgo herritarrek. Errubloa erabiltzen hasi dira, eta ilara luzeak osatu dira Errusiako pasaporte eskean; baina, oro har, Krimeako hiriburuko bizitza «lasai-lasaia» da, hangoen hitzetan.

Dendari bat, errubloekin kobratzen. YURI KOCHETKOV / EFE.
Olatz Urkia
Simferopol
2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Simferopolgo errepideetatik marshutka [tranbia eta autobusaren nahasketa bat] berdea aurrera doa, zerua ixten duten kableen azpitik. Amona batek koloretako zapi bat dauka buruan eta belaunetan poltsa zuri bat darama, patata eta tipulekin. Leihotik begiratu, eta kartel handi bat ikusi du: «16an denak erreferendumera!». Bi aste igaro dira jadanik. Nork esango luke? Izan ere, Simferopolek betiko itxura dauka aireportutik hirirako bidean: lasaitasuna, iristen ari den udaberria, errusiar, tatar eta ukrainarrak marshutketan kableen azpitik…

Marshutkako gidaria tatarra da, eta telefonoz hitz egiten ari da gidatzen duen bitartean. Jaistean, ordaintzeko ordua iritsi eta: «Barkatu, errublotan ordaintzea posible al da?». Burua mugitu du baietz esanez. Aldaketaren lehen seinalea: errubloak. Geroago, erdialdean nora ezean ordu bat igaro ondoren, aldaketaren aztarna gehiago agertzen hasi dira.

Pasaporte errusiarra

Gagarina Simferopolgo kale arrunt bat da, baina gaur ate marroi batek bi bandera errusiar dauzka eskuinean eta ezkerrean, eta 30 bat pertsona aurrean. Izan ere, Gagarina kaleko 20.a pasaporte errusiarrak jasotzeko bulego bilakatu dute.

Atea ireki, eta emakume batek oihukatu du: «Ea! 135 zenbakia nork dauka?». «Ene, hau ez da inoiz amaituko», esan du Lidak. Bere abizena ez du esan nahi. Ez du nahi argazkirik ateratzea ere. «Goizean goiz etorri naiz pasaportea lortzeko dokumentuak ematera. Ez balitz hain beharrezkoa, itxarongo nuke jendea lasaitu arte, baina hilabete barru Rostovera joan behar dut familia bisitatzera eta gertatutako guztiaren ondoren, ez dakit ea Errusiara sartzen utziko didaten pasaporte ukrainarrarekin. Errusiarra lortu behar dut lehenbailehen ».

Beste batzuek ere presa daukate, baina beste moduko presa bat: presa erromantikoa. «Aizu eta aitona zaharrari ez al diozu argazkirik atera nahi?» esan du bat-batean gizon batek bere Lada urdinaren barnetik. «Valeri dut izena, eta ukrainarra naiz. Nire aita faxisten aurka borrokatu zen jaioterritik urrun. Eta urteak igaro ondoren, faxisten alde borrokatu zirenak heroi izendatu zituen Juxenkok. Ukraina asko maite dut, folklore ukrainarra asko gustatzen zait. Baina nik beti errusieraz hitz egin dut gurasoekin, eta Kievetik esaten dutenean «tilki ukrainska mova» (ukrainera bakarrik) pasaporte errusiarra edukitzeko gogo handiagoa ematen dit».

Simferopolera udaberria beti iristen da Moskura baino askoz lehenago, eta, larunbata denez, Pushkina kalearen eta Krimeako Kontseilu Gorenaren artean dagoen parkea jendez gainezka dago. Natalia Jurtxenko piano irakaslea da, eta banku batean dago eserita. Lau urteko biloba, Sonia, beste ume batzuekin jolasten ari da.

Tren geltokiko erlojua

Parketik hogei bat metrotara, iskanbilak izan ziren tatar eta errusiar batzuen artean otsailaren 26 ean. Egun hartatik hilabete bat pasatu da, eta ez da horrelakorik berriz gertatu Krimear penintsularen hiriburuan. «Ni musika eskolan lanean ari nintzen. Ikasle batekin lanean ari nintzen pianoa zaratak entzun nituenean. Pasilora atera nintzen beste irakasleen bila. Leihotik begiratu, eta kalean jende ugari zegoela ikusi genuen: tatarrak alde batean, errusiarrak bestean. Arraroa egin zitzaigun, izan ere, eskolan bertan tatar eta errusiarrek elkarrekin egiten dugu lan. Bi egunetan itxi genuen eskola eta gero betiko bizitza egiten jarraitu genuen. Ea salbu sentitzen garen? Noski; begiratu ingurura, non ikusten dituzu tankeak, militar armatuak? Inon ere ez; Simferopolen denak lasai-lasai gaude».

Krimeako Autodefentsak orain arte Krimeako errepideetan kontrolguneak eduki ditu egunero errepideetan bidaiariak geldiarazi, dokumentuak eskatu eta miaketak egiteko. Orain dela lau bat egun, kontrolgune horiek desegiteko erabakia hartu zuten penintsulako buruek, eta esan egoera kontrolpean zegoela. Hala ere, Krimeako Autodefentsaren partaideek hiria patruilatzen dute Simferopolen. Hogei bat daude Parlamentuaren sarreran, beste hogei bat tren geltokian.

Oinezko patruilotan denetik dago: gizon gazte eta helduak; prestakuntza militarra noizbait jaso dutenak eta soldaduska ere egin ez dutenak; itxura guztietakoak; errusiarrak, ukrainarrak, baita tatar batzuk ere. Beste herritarrengandik desberdintzen dituen bakarra zera da: besoari lotuta daramaten zinta gorri bat; zuriz idatzita: Krimeako Drujzhina [hiria patruilatzen duten boluntario taldea. Asko zeuden Sobietar Batasunean eta orain berriz sortu dira]. Ez armarik, ez makilarik, ez arropa berezirik. Zapi gorria; besterik ez.

Tren geltokiaz arduratzen den patruilako komandantea 30 bat urteko errusiar bat da, Maksim. «Hasieran, guk geuk antolatu genuen gure formazioa; Kieven gertatzen ari zena ikusita, Krimea babestu nahi genuelako. Ez dugu lan hau egiteko ezer kobratzen. Bakarrik jateko diru pixka bat ematen digute: kafea eta tea ere baditugu. Gelatxo bat ere utzi digute, bilerak egiteko edo hemen barruan egoteko hotza egiten duenean. Gure lana erraza da: tren bat iristen den bakoitzean, jendeari dokumentuak eskatu, eta, beharrezkoa iruditzen bazaigu, poltsikoak eta halakoak begiratzen dizkiogu, armarik edo bestelakorik ez daramala ziurtatzeko. Arazoren bat sortuz gero, Poliziari deitzen diogu, eta kito. Paretetan, fitxatuak izan direnen argazkiak dauzkagu: Eskuin Sektorean parte hartu dutenak dira. Giro ona daukagu, ondo konpontzen gara. Gehienak errusiarrak gara, baina ez guztiak. Patruila honen burua, adibidez, tatarra da; ni bigarrena naiz».

Iluntzen hasi baino lehen kalera atera dira guztiak, argazki bat ateratzeko. «Gaur arratsaldeko zortzietan etorriko al zara ospakizunera?». Simferopolgo tren geltokiak dorre polit bat dauka, erloju handi batekin erdian, eta izar gorri batekin puntan. Gaur hemen elkartuko dira herritarrak, erlojuaren orratzak nola mugitzen diren ikusteko. Ospakizun sinplea da. Izan ere, horrelakoak izan dira egunak Simferopolen martxoaren 16tik gaur arte: lasaiak, arruntak. Hori da kalean entzuten dena: ez aldaketa drastikorik, ezta tentsiorik ere. Errubloa, erlojua, pasaporterako ilarak eta zinta gorriak besoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.