Puzzlea osatzeak ezinezkoa dirudi. Hirugarren ahalegina izan da Pasok alderdi sozialdemokratarena, eta horrek ere ez du Greziako Gobernua osatzerik lortu. Evangelos Venizelos sozialisten buruak amore eman du, BBC katearen arabera, eta bihar Greziako presidentearekin bilduko da, porrotaren berri emateko. Berriz ere hauteskundeetara deitzeko aukera, beraz, geroz eta indar handiagoa hartzen ari da.
Atzo ND Demokrazia Berria kontserbadoreak onartu zuen Pasokekin gobernua osatzea, baina Siriza ezkerreko koalizioa gobernuan egotea jarri zuen baldintzatzat. Baina Sirizak erantzun zion ez dutela gobernurik osatuko Pasok eta NDrekin. Kontserbadoreek eta sozialdemokratek Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin sinatutako ituna betetzearen kontra dago Siriza, eta ez dago haren aldeko gobernu bat babesteko prest.
ND lehen indarrak eta Sirizak huts egin ostean hartu zuen bere gain Pasok hirugarren indarrak gobernua osatzeko ardura. Kontserbadoreek eta sozialistek ez dute gehiengorik parlamentuan, eta Sirizaren edo Dimar Ezker Demokratikoaren babesa behar dute. Pasokek Dimar limurtu nahi zuen, baina hark ere, NDk bezala, Siriza gobernuan izateko eskatu du.
Aurreikuspen txarrak
Pasokek presidenteari esan ostean gobernua osatzeko gai ez dela izan, hark batasun nazionaleko gobernua osatzeko eskumena izango du. Horixe da bozak saihesteko azken aukera, eta porrot eginez gero, bozetara deitu beharko dute, ekainaren erdialdean ziurrenik. Inkesten arabera, Sirizak gora egingo luke bozetan.
Erreforma prozesuari eusteko gobernua «laster» osatzeko eskatu dio Bruselak Atenasi. EBren arabera, Greziaren suspertze ekonomikoa ez da iritsiko 2013. urtea igaro arte, eta aurten %4,7 egingo du atzera.
Pasokek ere ez du lortu Grezian gobernua eratzerik, eta amore eman du
Hiru ahaleginetan porrot egin dute, eta oso litekeena da beste hauteskunde deialdi bat egitea Grezian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu