ND Demokrazia Berria kontserbadoreak eta Siriza ezkerreko koalizioak huts egin ondoren, Greziako hauteskundeetan hirugarren gelditu zen alderdiari,egokitu zaio gobernua eratzeko ahalegina egitea: Pasok sozialdemokratari. Dimar Ezker Demokratikoarekin egin zuen bilera atzo Evangelos Venizelos-ek, Pasokeko buruak. «Europaren aldeko alderdiekin batasun nazionaleko gobernu bat» eratzeko ados paratu ziren biak. NDri eta Sirizari egindako eskaintza da, lau alderdiak batuta gehiengoa izanen luketelako, baina elkarren artean desadostasun handiak dituzte oraindik. Greziar Independenteak eskuineko alderdiak eta KKE Greziako Alderdi Komunistak uko egin diote Pasokekin biltzeari, eta eskuin muturreko Egunsenti Urrekara Pasokek berak utzi du negoziazioetatik kanpo, gainerakoek egin duten bezala.
Venizelosek eta Dimarreko buru Fotis Kuvelisek bien proposamenen antzekotasunak nabarmendu dituzte. EB Europako Batasunean eta eurogunean jarraitzea defendatu dute alde batetik, eta, bertzetik, idatziz berretsitako bigarren erreskate plana berriz negoziatu nahi dute. Gehiengoa lortzeko parlamentuko 300 jarlekuetatik 151 dira beharrezkoak, eta Pasokek eta Dimarrek elkarrekin 60 dituzte soilik. Gutxienez ND erakarri beharko lukete, 108 baititu hark. Venizelos gaur da elkartzekoa NDko buru Antonis Samarasekin eta Sirizako Alexis Tsiprasekin. Venizelosek aitortu du bilera horiekin ez dagoela baikor.
Sirizak EBri dei egin dio
Hark ere huts eginen balu, Karolos Papulias presidenteak azken deialdi bat eginen luke batasun nazionaleko gobernua osatzeko, eta, horrek ere huts eginez gero, bozetara deituko luke berriz, ekainaren erdialdera ziurrenera.
Sirizako buru Tsiprasek, baina, ez du Venizelosekin biltzeko itxaron, eta bigarren erreskate plana negoziatzeko proposamen zuzena egin dio EBri. Tsiprasen arabera, krisiaren arazoa «Europako arazoa» da; horregatik, irtenbideak ere «Europan» egon behar du. Gainera, Sirizako buruak erran du Greziako azken hauteskundeek bigarren erreskate plana zilegitasunik gabe utzi dutela, horren alde agertu ziren alderdiek, NDk eta Pasokek, gehiengoa galdu dutelako.
Europatik, baina, bigarren erreskateko 1.000 milioi euro izoztu dizkiote Greziari. Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsak dio Greziak ez duela horren beharrik ekainaren amaierara arte. Bigarren erreskatean 130.000 milioi dolar dira uztekoak, bi zatitan. Lehen zatian 39.400 milioi euro ziren uztekoak, eta kopuru horren azken ordainketatik izoztu dituzte 1.000 milioi euro. Neurriak hauteskundeen emaitzekin loturarik ez duela erran du Bruselak.
Pasokek «Europaren aldekoekin» osatu nahi du Greziako Gobernua
Ados jarri da Ezker Demokratikoarekin, baina gutxienez NDren oniritzia behar du gehiengoa osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu