Orotara, hogei lagun esertzen dira akusatuen aulkian, tartean Paul Rusesabagina, Hotel Rwanda filmarekin ezagun egin zena, eta 1994an, Kigaliko hotel bateko kudeatzailea zela, 1.200 tutsi eta hutu genozidiotik salbatzeagatik hainbat herrialdetan heroi gisa hartu zutena. Nazioartearen babesa baliatuta, Ruandako presidente Paul Kagameren politikak salatu izan ditu Rusesabaginak behin baino gehiagotan eta oposizioko Aldaketa Demokratikorako Ruandako Mugimenduko kidea ere bada.
Belgikarra izan arren, azken urtean AEBetan egin ditu —Bruselako bere etxean sartu eta dokumentuak eraman zizkiotela salatu izan du behin baino gehiagotan—. Baina iazko udan, ustez Burundira eraman behar zuen hegazkin bat hartu zuen, baina Kigalin amaitu zuen bidaia. Han atxilotu egin zuten berehala. Askatasun Nazionalerako Frontea miliziako kide izatea egozten diote, baita hainbat hilketa eta lapurretan bultzatu izana ere. Aldaketa Demokratikorako Ruandako Mugimenduko adar armatua «talde terroristatzat» du gobernuak, eta hainbat erasoren erantzule jotzen du.
Rusesabaginaren aurka aurkeztutako frogen artean dago 2018an grabatutako bideo bat, non hoteleko zuzendari ohia agertzen den bide politikoetatik egindako ahaleginek «huts» egin dutela, eta aurrerantzean «edozein bide» dela «zilegi» aldaketa lortzeko.
Dena den, ekintzailea ez da akusatuen aulkian eseriko den bakarra. Beste auzipetuen artean dago Callixte Nsabimana miliziako eledun ohia. Ruanda hegoaldeko mugen aurkako erasoak antolatzea egozten diote Nsabimanari.