«Pauso eraginkorrak» eskatu dizkio Annanek Siriari, plana salbatzeko

NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezia Baxar al-Assad presidentearekin bilduko da gaur, egoera bideratzeko asmozOposizioaren arabera, armadak 41 zibil hil ditu Haman, horietatik zortzi adingabeak

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Kofi Annanek Siriarako proposatutako plana betetzen ez badute, kaosa eta gerra zibila dira geratzen diren aukera bakarrak. Nazioarteko potentziak bat datoz ideia horrekin. Baina joan den barikuan Homs probintziako Al-Haula hirian izandako sarraskiak kolokan jarri du NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren bake plana, zeina lehendik ere nahiko ahulduta zegoen. 108 lagun hil zituzten, horietako 49 umeak, eta oraindik ez dute argitu nor den erantzulea: Baxar al-Assaden armada ala oposizioko talde armatuak. Hori gutxi balitz bezala, armadak igandean eta astelehenean beste 41 zibil hil dituela jakinarazi du oposizioak, horietatik zortzi adingabeak. Bake plana salbatzeko ahaleginean, Siriara joan da Annan bigarrenez, eta «pauso eraginkorrak emateko» eskatu dio Damaskori, «krisia modu baketsuan konpontzeko duen asmoa sinesgarria dela erakusteko».

Damaskora iristeaz bat, gatazkako alde guztiei eskatu die pausoak emateko, «prozesu politiko sinesgarri bat» hasi ahal izateko. «Mezu hau ez da soilik gobernuarentzat, eskuan arma bat duen edonorentzat da». Siriako Atzerri ministro Walid al-Mualemekin bildu zen atzo, eta Al-Assad presidentearekin bilduko da gaur Annan. «Elkarrizketa serioa eta zintzoa izatea espero dut».

Errudunen bila

NBEko Segurtasun Kontseiluak Al-Haulako sarraskia gaitzetsi zuen domekan. Al-Assaden erregimenari armak lagatzeko eta tropak hirietatik ateratzeko eskatu zion, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa eskatu zuen. Herrialde guztiek gaitzetsi dute hilketa, baina ez dira ados jarri errua norena den zehazteko orduan. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak Damaskori leporatu diote zuzenean sarraskia, zibilen kontrako arma astunak erabiltzeagatik. Errusiak, aldiz, gobernuari ez eze, oposizioari ere egotzi dio erantzukizuna. «Bi aldeek hauspotu dute zibilen hilketa», Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren arabera. Gainera, sarraskiaren testuingurua ulertzeko, azaldu du Al-Haula «gerrilla armatu batek» kontrolatzen duelaeta Al-Assaden armadak inguratuta dagoela.

Siriak NBEn duen enbaxadore Baxar Jaafarik Segurtasun Kontseiluaren «gezur tsunamia» salatu du. Haren arabera, Al-Haulako hilketa «krimen izugarria eta justifikaezina» izan da, eta «krimen terrorista» dela gaineratu du, erantzulea oposizioko Siriako Armada Askea izan dela iradokiz. Irango Parlamentuak ere gaitzetsi du sarraskia, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak egin ditu erantzule. Damaskok Ekialde Hurbilean duen aliatu nagusia da Teheran —xiitak daude boterean bi herrialdeetan—, eta Irango Legebiltzarrak onartutako agiriak Sabra eta Xatilako hilketekin erkatu du Sirian gertatutakoa. Libanoko Falangista Kristauek 2.400 iheslari palestinar hil zituzten 1982an Beiruteko Sabra eta Xatilako kanpalekuetan, Israelen babes militarrarekin.

Bestalde, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta François Hollande Frantziako presidenteak telefonoz berba egin zuten atzo, eta Al-Assad gehiago estutzeko lanetan elkarrekin jardutea erabaki zuten. Al-Haulako sarraskiak «Al-Assadek bere herritarren kontra egiten dituen ekintzen neurria erakusten du» bi agintarientzat. «Herritarren kontrako errepresio odoltsua eteteko» zerbait egin behar dela uste dute, eta Siriaren Lagunak taldearen bilerara deitu dute. Frantziako hiriburuan egingo dute hurrengo bilera, baina oraindik ez dute argitu noiz izango den.

«Seinale baikorrak»

Siriaren Lagunak taldearen azken bilera, hain zuzen, Parisen egin zuten, apirilean. Ordukoan ere Damasko su-etena urratzen ari zela salatu zuten, eta NBEren behatzaile misioa handitzeko eskatu zuten. Harrezkero igo egin da Sirian dagoen begirale kopurua: 300 inguru daude orain.

Bi aldeek apirilaren 12an onartutako su-etena betetzen ari diren begiratzea da behatzaileen lana. Beren presentziak, baina, ez duela indarkeriarik eza ziurtatzen ohartarazi zuten joan den astean. Hala ere, gobernuaren zein oposizioaren aldetik indarkeria ekintzak etengabe izan arren elkarrizketarako «seinale baikorrak» ikusten dituela esan du Robert Mood behatzaileen buruak. «Elkarrizketarako eta egonkortasunerako presio handia egiten ari gara».

Annanen planak su-etena eskatzen die bi aldeei, tropak hirietatik ateratzea, preso politikoak askatzea, giza laguntza sartzen lagatzea eta gatazka konpontzeko elkarrizketa hastea oposizioaren eta gobernuaren artean. Su-etena apirilean onartu zuten, baina sistematikoki urratu dute bi aldeek. NBEren arabera, 10.000 lagunetik gora hil dira Sirian iazko martxotik, Al-Assaden kontrako protestak hasi zirenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.