Nikol Paxinianek eta haren alde apirila hasieraz geroztik karrikara atera diren milaka herritarrek lortu dute helburua. Hamar urtean lehenbiziko aldiz, Armeniak ez du Alderdi Errepublikanoko agintari goren bat izanen. Paxinianek erran du trantsizio politikorako gobernu bat osatuko duela, eta hogei eguneko epean aurkeztuko dituela proposamenak. 59 parlamentarik bozkatu dute haren alde, eta 42k kontra. Alderdi Errepublikanoak banatu egin du botoa, baina haren 58 diputatuak, gehiengo osoa, oposiziora pasatuko dira. Paxinianen parlamentuko taldeak, Yelk Aliantzak, 105 jarlekutatik bederatzi baino ez ditu.
Krisi politikoa Sarkisianek bultzatu zuen erreforma politikoaren ondorioz sortu zen. Presidente karguan ezin zuen hirugarren agintaldirik egin, eta 2015ean konstituzioaren erreforma bat bultzatu zuen, Armenia errepublika parlamentario bihurtu eta boterea gobernuari emateko. Joan den apirilaren 17an, parlamentuak lehen ministro izendatu zuen Sarkisian, eta erabaki horren aurkako protestak areagotu egin ziren. Boterean betikotu nahi izatea leporatu zioten manifestariek. Handik sei egunera, dimisioa eman zuen.
Protestak ez ziren eten, ordea, Paxinianek exijitu baitzuen bera hautatzea lehen ministro, eta manifestazioetan milaka lagunek babestu zuten. Alderdi Errepublikanoak erran du "batasun nazionalarengatik" onartu duela oposizioan zegoen politikaria gobernuburu izatea.
Errusiarekiko harremana
Armeniak harreman estua du Errusiarekin, eta herrialde horretako gobernuko ordezkariek Kremlinen eman dituzten prentsaurrekoetan kazetariek behin baino gehiagotan galdetu diete krisi politikoaz duten iritzia. Paxinianen aliantzak, Yelkek, iazko parlamenturako hauteskundeen programan "akats estrategiko" erran zion Errusiak sustatutako Aduana Batasunean sartzeari, eta EB Europako Batasunarekiko harremanak lehenestea defendatu zuen. Gaur parlamentuan eman duen hitzaldian, ordea, Paxinianek adierazi du Errusiarekiko harremanak "estrategikoak" direla, eta erran du atzerri politikaren lehentasuna izanen direla.