Datorren legealdian, Senatuko talde mistoan izango dira PDCko —lehengo CDC— lau ordezkariak. Senatuko Mahaiak gaur erabaki du alderdiak talde propiorik ez izatea, mahaia osatzen duten PPko lau ordezkarien aurkako botoekin —EAJko ordezkariak aldeko botoa eman du, eta PSOEkoa abstenitu egin da—. Senatuko araudiaren arabera, hamar ordezkari behar ditu alderdi batek talde propioa osatzeko. Ohikoa da alderdi batek beste bati senatariak "uztea", hark taldea osatzeko. Gertatu izan da alderdi bati "utzi" dizkioten senatariak alderdiak zituenak baino gehiago izatea.
Araudia "aztertu" ostean, Pedro Sanz Senatuko presidenteordeak jakinarazi du alderdi batek sei ordezkari behar dituela talde propioa osatzeko. Sanzek adierazi du PDCk osatutako taldeak "talde mistoaren antz handiagoa" zuela "talde propio" batena baino, eta araudiak ez duela hori "baimentzen". Hala ere, arrazoi "politikoak" ere aipatu ditu. Erabakiari errekurtsoa jarriko diotela esan du Josep Lluis Cleries PDCren Senatuko bozeramaileak, eta salatu du "lehen aldia" dela mahaiak araudia aintzat hartzen duena. Kongresuko Mahaiak, bestalde, bihar erabakiko du PDCk Espainiako Diputatuen Kongresuan talde propioa izango duen edo ez.