Maroko

Pederasta espainiar bati indultua eman dietelako protestak egin dituzte Marokon

Marokoko 'Lakome' eta Espainiako 'El País' egunkarien arabera, baliteke Espainiako zerbitzu sekretuen (CNI) eskariz eman izana indultua Mohamed VI.a Marokoko erregeak; CNIk, ordea, hori ukatu du.

2013ko abuztuaren 3a
22:44
Entzun

Barteko manifestazioetan, 30 urteko kondena izanik Mohamed VI.a Marokoko erregeak Daniel Galvan Viña aske utzi izana salatu dute; Marokoko erregearen kabineteak jakinarazi du indultuaren erabakia Juan Carlos I.a Espainiako erregearen bisitan hartu zutela.

Marokon 4-15 urte bitarteko 11 umeri sexualki erasotzeagatik zegoen espetxean Galvan. Marokoko Justizia Ministerioak 2011n kondenatu zuen; joan den asteartean, Espainiako Estatuko beste 47 herritarrekin batera, Mohamed VI.ak indultua eman zion, ordea.

Indultu horrek CNIrekin zerikusirik duela irizten dute Lakome eta El País egunkariek. Lakomek dio hala ziurtatu diola auziaren gertuko iturri anonimo batek. Marokoko Justizia ministro Mustapha Ramidek, baina, indultua "interes nazionalengatik" eman zaiola esan du.

Nortasun faltsua?

"Espainiako inteligentzia zerbitzuen eskariz indultatu dute pederasta". Izenburu hori erabili zuen atzo Lakome-k, eta egunkari horrek ikertutakoaren arabera, litekeena da Galvan Espainiarentzat espioi lanetan aritu izana.

Galvanen abokatu ohi Mohamed Benkhedouen esanetan, Galvanek esan zion "Saddam Hussein boteretik kentzeko atzerriko zerbitzuekin elkarlanean aritu zen Irakeko armadako ofiziala" izan zela. Murtziako Unibertsitateko katedraduna izan zela eta erretiroan zegoela ere aipatu ziola gaineratu du Benkhedouek. Lakome-ren arabera, ordea, ez da Espainiako hezkuntza web batean ere agertzen.

Marokoko presondegiko administrazioko dokumentazioan "jatorri irakiarreko espainiarra" bezala dago. Horregatik, egun dauzkan abizenak ziurrenik Espainiako inteligentzia zerbitzuek Iraketik ateratzeko egin zioten nortasun faltsuan jarri zizkioten, Lakomek dioenez.

Bi orduko protestak

Iskanbila handia sortu du Marokon Galvanen indultuak. Hainbat ONG eta oposizioko partidu batzuek manifestazioa antolatu zuten atzo gauean Rabateko Parlamentu aurrean.

48 orduren buruan, ehunka pertsona mobilizatu ziren Marokoko hainbat zonaldetan. Bi ordu inguruz indultua eman izana salatu zuten, eta poliziak gogor oldartu ziren manifestarien kontra: gutxienez hamar pertsona erietxera eraman zituzten, eta gutxienez bost manifestari atxilotu zituzten.

Marokoko ateak itxita, mundukoak zabalik

Marokoko Justizia Ministerioa indultuaren inguruan mintzatu da: hori erregearen ahalmena dela besterik ez du esan. Jakinarazi duenez, Marokon sartzea debekatuko diote Galvani, “biktimen sentimenduak kontuan hartu” behar direlako.

Espainian sartu zen Ceutatik joan den ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.