Pekin, uigurrak lotu ezinik

Aste hasierako Xinjiango istiluak «eraso terrorista» izan zirela berretsi dute Txinako agintariek, uigurrek hori gezurtatu arrenGero eta protesta gehiago egin dituzte uigurrek 1990eko hamarkadaz geroztik

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Txinako Xinjiang eskualdeak ezbaian paratu du berriro Pekinek munduari erakutsi nahi dion lasaitasun eta batasun itxura, aspaldian eremuan izan ziren istilu latzenen bigarren urteurrena bete denean. Iragan astelehenean hegoaldeko Hotan hirian azken urteko borrokarik latzenak izan ziren, eta uigurrek salatu zuten poliziek tiro egin ziotela manifestazio baketsu bati. Agintariek, baina, hasierako bertsioari eutsi diote, eta manifestazio baketsurik ez zela izan berretsi dute. «Argi dago inolako probokaziorik gabeko eraso terrorista izan zela, eta aitzinetik planak egin zituztela polizia etxeari eraso egiteko», adierazi dio Xinjiango Informazio Bulegoko buru Hou Hanminek China Daily egunkariari.

Bertsio ofizialaren arabera, hemezortzi lagun hil ziren asteleheneko istiluetan Hotanen. Houk dioenez, hemezortzi lagun ailegatu ziren hirira, istiluak sortzeko asmoz. Labanak, lehergailuak eta «bertze arma batzuk» eskuratu zituztela dio, polizia etxeari eraso egiteko. Polizia bat, zaindari bat eta gatibu hartutako bi lagun hil zituzten, haren arabera. Poliziak, ondoren, hamalau erasotzaile hil zituela dio. Erasotzaileek oihukatutako leloengatik «muturreko erlijiosoak» zirela argi gelditu zela erran du Houk.

WUC Munduko Uigur Kongresuak, ordea, hagitz bertzelako bertsio bat eman zuen. Haren arabera, Poliziak ehun lagun inguruko manifestazio bati eraso zion, eta hogei lagun hil zituen; hamalau, hil arte jo zituzten, eta sei, tiroz hil zituzten. Istiluak ez zirela polizia etxe baten inguruan hasi adierazi zuen WUCek, merkatu batean baizik. Protesta duela bi urteko istiluen ondotik Poliziak desagerrarazitako lagunengatik eta lurren konfiskazioagatik egin zutela azaldu zuen taldeak. Hainbat lagun polizia etxean sartzen saiatu zirela aitortu zuen WUCek, baina atxilotuak askatzeko asmoz izan zela erran zuen.

Heriotza zigorrak

Uigurrek denbora luzea daramate beren eskubideak aldarrikatzen, baina 2009ko uztaileko istiluek lorratz sakona utzi dute eskualdean. Uigurren eta han etniako etorkinen artean sortutako istiluen harira, Pekinek soldaduak bidali zituen Xinjiangera, eta Urumqi hiriburuan 197 lagun hil zituzten. Erbesteko uigurren arabera, anitzez gehiago izan ziren hildakoak. Agintarien arabera, baina, hildako gehienak han etniakoak izan ziren. Atxilotuak, berriz, ehunka izan ziren, tartean giza ekintzaileak eta kazetariak. Hamabi laguni heriotza zigorra ezarri zieten istiluetan parte hartzeagatik, eta bertze 25i, berriz, bizi guztirako kartzela zigorra.

Turkiar jatorriko etnia dira uigurrak. Asiako erdialdeko eremu zabalean bizi dira, Turkestan deiturikoan. Gehienak Txinaren menpe bizi dira, ekialdeko Turkestanen, Txinak Xinjiang deitu zuen eskualdean. Xinjiang hitz elkarketa bat da mandarin hizkuntzan, eta muga berria erran nahi du. Izan ere, Txinako Inperioak Asiako erdialdera egindako zabalkundean lortutako azken muga da Xinjiang.

1955ean, Txinako Alderdi Komunistak boterea hartu eta sei urtera, eskualde autonomo izendatu zuen Xinjiang. Hala ere, uigurren hizkuntzak, kulturak eta erlijioak (musulmanak dira) ez dute aitortzarik, eta, tarteka, uigurrek protestak antolatu dituzte. Mugimendu horiek maizago egin dituzte 1990eko hamarkadaz geroztik, hain zuzen, Tiananmengo gertakarien ondotik. Errebolta haren lider nabarmenenetako bat Orkesh Dolet uigurra zen.

Han etniaren kolonialismoa

Uigurren izaera desegitearren, Pekinek han etniako milioika lagun erakarri ditu Xinjiangera, hura eskualde autonomo izendatu zutenetik. Txinako etnia nagusia da han. Uigurrak nagusiki lehen sektoretik bizi ziren, baina eremuko baliabide natural aberatsez ohartzean, Pekinek industria ezarri zuen, eta lanpostuetan han etniako langileak hobetsi zituen. Azken errolda 2000. urtean egin zuten; horren arabera, uigurrak %45 ziren, eta hanak %40. Iparraldeko barrutietan, gainera, azken horiek gehiengoa ziren. XX. mendearen erdialdera, ordea, hanak ez ziren populazioaren %2ra iristen. Azken istiluak gertatu diren hirian, Hotanen, uigurrak %95 dira. Zenbait uigur taldek erresistentzia armatua erabili dute. Pekinek Al Kaedarekin lotu izan ditu, Mendebaldeko potentzien aitzinean errepresioari zilegitasuna emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.