Bi urtez behin elkartzen da PEN Internationaleko Idazle Jazarrien Batzordea, munduko kazetari zein idazle jazarri eta espetxeratuen defentsa egiteko batzordea. Aurten, Amsterdamen du hitzordua, gaurtik ostiralera bitarte. Teresa Toda Egin-eko kazetari ohia bere testigantza ari da eskaintzen mundu osotik etorritako dozenaka kazetari eta idazleren aurrean.
Kazetariak espetxean eman dituen sei urteen berri emango du, besteak beste. Halaber, preso jarraitzen duten Egin-eko zuzendari ohi Jabier Salutregi zein Jexuxmari Zalakain eta Karlos Trenorren egoera ekarriko du gogora. Baita Iraitz Salegi kazetariaren auzia ere; hura bihartik aurrera epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean.
TeresaTodak: kartzelak birrindu nahi gaitu, baina ni sendoago egin nau. #PENAmsterdam@EUSKALPEN@urtziurrutipic.twitter.com/8JpbIBpRzA
— Lutxo Egia (@lutxoegia) May 27, 2015
Todarekin batera Amsterdamen dira Lutxo Egia eta Laura Mintegi Euskal PENeko zuzendaritzako kideak.
Munduko idazleen elkarte handiena
PEN International mundu osoko idazle elkarte handiena da. 1921ean sortu zen, eta egun 140 talde baino gehiago ditu, 30.000 idazle, kazetari eta hitza darabilten beste hainbat lagunen defentsan.