Perez Molinak irabazi du Guatemalako hauteskundeen lehen itzulia

Datorren azaroaren 6an, Baldizonekin lehiatuko da bigarren itzulian; gerra zibilean egindako krimenekin lotzen dute

Erredakzioa
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Otto Perez Molina militar ohiak jaso du boto gehien Guatemalako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian, aurretik eginiko inkestek iragartzen zuten bezala. Dena den, ez ditu botoen erdiak lortu —%36,6 lortu ditu—, eta bigarren itzulia egin beharko dute datorren azaroaren 6an. Manuel Baldizon abokatuarekin lehiatu beharko du azaroan, hark lortu baitu boto gehien Perez Molinaren ondoren (%23,4). Rigoberta Menchuk, berriz, ez du botoen %3 ere lortu, ezkerreko hautagai bakarra izan arren.

Perez Molinaren hitzetan, ez du gehiengo absolutua lortu hamar hautagaik parte hartu dutelako, baina bigarren itzulirako prest dagoela adierazi du. «Ni neu izatea izango da nire estrategia nagusia. Argi dago gehiengoak onartu egiten dituela guk egindako proposamenak, Guatemalako herritar gehienek guri eman baitigute lehentasuna». Baldizonek, berriz, beste alderdietako agintariekin biltzeko asmoa du, bigarren itzulirako babesa lortzeko asmoz.

Segurtasuna izan da eskuineko hautagai gehienen kanpainaren ardatza, eta Perez Molinak delinkuentzia deuseztatuko duela agindu die herritarrei. Egunean 18 lagun hiltzen dituzte Guatemalan, batez beste, baina krimenen %3 inguru baino ez dituzte epaitzen. Azaroko hauteskundeak Perez Molinak irabazten baditu, militar kopurua areagotuko du herrialde osoaren kontrola eskuratzeko.

Giza ekintzaileak, kezkatuta

Hainbat ikerketak 1960tik 1996ra bitartean izandako gerra zibileko krimenekin eta desagertzeekin lotzen dute Perez Molina. Haren hitzetan, ordea, sarraskian hildakoak armaturik zeuden, eta gerrillariak ziren. Hala, Guatemalako giza eskubideen erakundeak kezkaturik daude gerra zibileko krimenen inguruko epaiketa prozesuan izan dezakeen eraginagatik. 1994an hasi zuten sarraskien inguruko ikerketa, baina gobernuak oztopoak jarri ditu behin eta berriro; joan den abuztuan lortu zuten lehen aldiz lau militar sarraskiagatik zigortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.