Macrik emaitzak jakin bezain laster zoriondu du Fernandez, eta "trantsizio ordenatua" antolatzeko, gaur bertan elkarrekin gosaltzeko gonbita egin dio. Egungo presidenteak azken unera arte izan du bigarren itzulia egiteko itxaropena, baina Fernandezek botoen %45 gainditu duela ikusitakoan, onartu egin du, eta esan du oposizio "sanoa, eraikitzailea eta arduratsua" egingo duela.
Jarrera horixe eskatu dio Fernandezek Macriri. Utzi dituen "errautsetatik" herrialdea eraiki beharra dagoela ohartarazi dio, eta horretarako ezinbestekoa izango dela bere kolaborazioa. "Garai gogorrak datoz", esan du Fernandezek, "baina jendearentzat gobernatuko dut". Abenduaren 10ean hartuko du kargua.
Peronismoak hauteskundeen aurretik egindako urratsak ezinbestekoak izan dira emaitza horietara iristeko. 2015ean izan zuen porrotaren ostean, zatituta zeuden, eta bozen aurretik lortu zuten zatiketaren irudia gainditzea. Cristina Fernandezek erretiratu egin zuen bere hautagaitza —hainbat auzi daude haren kontra abiatuta, agintean egon zen garaian iruzurrak egitea egotzita—, eta Alberto Fernandez jarri zuten hautagai. 60 urte ditu Fernandezek, eta Nestor Kirchnerren gobernuko kabineteburu izan zen. Baita Cristina Fernandezena berarena ere, haren agintaldiko lehen hilabeteetan.
Fernandezek, emaitzen berri jakin ostean, Evo Morales zoriondu du Boliviako bozak irabazteagatik, eta Inacio Lula da Silva aske uzteko eskatu du.