Ekialde Hurbila

Persiar golkoko monarkiek "talde terrorista" izendatu dute Hezbollah

Libanoko milizia xiitari egotzi diote golkoko herrialdeetan gazteak errekrutatzea "ekintza terroristak egiteko". Iranen aliatua da Hezbollah, eta, bertzeak bertze, Siriako gerran gobernuaren alde ari da parte hartzen, monarkiek babestutako taldeen aurka.

Hezbollahen aldeko manifestazio bat Beiruten, artxiboko irudian. WAEL HANZEH / EFE
mikel rodriguez
2016ko martxoaren 2a
08:24
Entzun

GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua osatzen duten sei herrialdeen eta Hezbollahen etsaitasuna aspaldikoa da, baina orain arte ez zuten halako erabakirik hartu. Abdelatif al-Ziani GCCko idazkari nagusiak ohar batean erran duenez, "Hezbollahen miliziek GCCko herrialdeetan dauzkaten praktikak eta Sirian, Yemenen eta Iraken egiten dituzten ekintza terroristak ez datoz bat printzipio etikoekin eta nazioarteko legediarekin". Al-Zianik erran du Hezbollah "terrorista" izendatu ondoren herrialde bakoitzak "terrorismoaren aurkako legedi bereziaren arabera" aplikatuko dituela Libanoko miliziaren aurkako neurriak.

Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Qatarrek, Kuwaitek, Omanek eta Bahrainek osatzen dute GCC. Islamaren adar sunitako monarkiak daude agintean —Omanen izan ezik—, eta, gehienetan, erlijioaren interpretazio estuak arautzen du sistema politikoa. Hori dela eta, lehia geopolitiko betean ari dira Iranekin —islamismo xiita politikatzat duen errepublika da— eta haren aliatuekin. 2011n, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek Bahrainen esku hartu zuten monarkiaren aurka piztutako matxinada zanpatzeko —biztanle gehienak xiitak dira Bahrainen—, eta iaztik Saudi Arabiak Yemenen koalizio bat zuzentzen du herrialde horretako matxino xiiten aurka. Sirian, berriz, hainbat talde matxino laguntzen dituzte, eta Siriak berak, Iranek eta Irakek EI Estatu Islamikoa laguntzea ere leporatu diete.

Tentsioan urte hasieratik

Saudi Arabiaren eta Libanoren arteko harremanak okertu direnean hartu dute Hezbollahen aurkako erabakia. Joan den hilean, Riadek bertan behera utzi zuen Beiruti agindu zion 4.000 milioi dolarreko laguntza militar bat, urtarrilean Saudi Arabiak Iranen daukan enbaxadak jasandako erasoaren ondoren sortutako tentsioarengatik. Saudi Arabiak Libanori leporatu zion behar bertzeko sendotasunez ez gaitzestea gertakari hura.

Hezbollah Libanoko Gobernuko koalizioaren parte da, eta Hassan Nasrallah miliziako buruak, atzo telebistan emandako mezu batean, Saudi Arabiari leporatu zion Libanoko egoera politikoa ezegonkortu nahi izatea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.