PERTSONAIA. Mao Zedongen ondorengoa

Juan Luis Zabala
2008ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hua Guofeng Txinako Alderdi Komunistako buruzagi ohia hil zen atzo, 87 urte zituela, Xinhua agentziak jakinarazi duenez. Txinako Alderdi Komunistako buru, Txinako Batzorde Militar Nagusiko buru eta Txinako lehen ministro izan zen Hua Guofeng 1976tik 1981a arte, hots, Mao Zedong hil ondotik Den Xiaoping agintera iritsi zen arte.

Mao Zedong hil ondoren, 1976an, Txinako Alderdi Komunista eta Txinako Batzorde Militar Nagusia zuzentzen hasi zen Hua Guofeng, ofizialki Mao Zedongek horretarako izendatu zuelako, esaldi biribil batekin: «Zu karguan zaudela jakinda, nire bihotzak atseden hartzen du» esan ziola diote.

Iraultza Kulturala abian jarri zuten ideologoekin -Lauren Banda deitutakoekin-liskar larriak izan zituen Hua Guofengek bere agintearen garaian. Hua Guofengen aurkari horien artean Jiang Qing zegoen, Mao Zedongen alarguna. Mao Zedong hil eta aste batzuetara Jiang Qing atxilotu egin zuten.

Ez zuen boterean luze irauterik lortu Hua Guofengek. Erreformistak -Deng Xiaoping eta haren aliatuak: Hu Yaobang, Chen Yun eta Zhao Ziyang batez ere-- gero eta botere gune gehiago berenganatzen hasi ziren, eta Hua Guofengen boterea ahuldu egin zen neurri berean.

Erreformistek eragindako presioen eraginez, Zhao Ziyangenesku utzi zuen Hua Guofengek lehen ministro kargua, 1980an, eta hurrengo urtean gainerako kargu guztiak utzi zituen. Hu Yaobang izendatu zuten orduan alderdiko buru, eta Den Xiaoping Batzorde Militar Nagusikoa. Horrela, Txinako buruzagi izateko bidea guztiz libre izan zuen Den Xiaopingek.

Azken urteetan ekimen publiko orotatik aparte bizi izan da Hua Guofeng, Pekinen.Juan Luis Zabala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.