Lau urteko agintaldia izango da berea, eta tarte horretan munduko edozein txokotatik iritsitako salaketak entzun beharko ditu, baina batez ere hitz egiteko aukerarik ez dutenen ahotsa izan beharko du. Hori izango da Navanethen Pillayren (Hegoafrika, 1941) lan berria; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisionatu izendatu zuten atzo, Louis Arbourren lekua betetzeko. Arbour 2004tik zen NBEko ordezkari, eta uko egin dio beste lau urte jarraitzeari.
Pillayri ez zaio esperientziarik falta. Tamil jatorrikoa, bera izan zen Hegoafrikako Natal probintziako lehen emakumezko abokatua. 1967. eta 1995. urteen artean, giza eskubideen inguruko hainbat auzi defendatu zituen, eta 1995ean Hegoafrikako Auzitegi Goreneko epaile izendatu zuten. Hortik aurrerako bidean oztopo asko gainditu behar izan ditu. Besteak beste, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiko presidente izan da hainbat urtez. Orain, giza eskubideak betearaztea izango da haren lana, eta, horretarako, NBEren laguntza izango du. Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek berak erabateko babesa agertu dio 67 urteko legegileari. Nazio Batuen Erakundeak 850 pertsona ditu giza eskubideen arloan lanean.Arantxa Elizegi
PERTSONAIA. Mutututakoen ahotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu