Peru indigenen presiopean

Basogintza Legea eten, eta indigenekin elkarrizketak bideratzeko asmoa du Peruko Gobernuak, liskarrekin amaitzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 9an Peruko Amazoniako indigenek greba orokor amaigabea hastea erabaki zuten Baguan, Peruko Gobernuak Konstituzioaren kontrakoak diren legeak indarrean jarri dituela uste dutelako, eta horiek bertan behera uzteko eskaerei muzin egin dielako. Joan den asteburutik iskanbilak larriagotu direla-eta atzo Kongresua Basogintza Legearekin zer egin erabakitzeko eztabaidatzen hasi zen, erabaki arte indigenek protestan jarraitzeko asmoa azaldu baitute. Legea bertan behera utzi ez, baina behin-behinean,90 egunez etetea eztabaidatu dute, eta tarte horretan indigenekin ados jartzeko elkarrizketa mahaia bideratzea.Indarrean dagoena eraldatzearekin protestak leundu nahi ditu Kongresuak.

Peruk AEBekin sinatu duen Merkataritza Askerako Ituna dago dekretu horien oinarrian. Peruko araudia itun horretara moldatzeko eskubide osoa eman zion Kongresuak Gobernuari, eta aurkeztu zituen 99 lege dekretuetatik hamar Konstituzioaren kontrakoak zirela erabaki zuen iaz Kongresuko Konstituzioaren Batzordeak; baina hala ere, dekretu horiek bertan behera uzteko erabakia ez dute hartzeko asmorik azaldu orain arte. Basogintza guneak eta petrolio, gas, egur eta meatzeen ustiaketarekin loturik daude dekretuok, eta horiekin batera lurrak pribatizatzeko aukerarekin, merkataritza askea sustatzeko. Indigenek, baina, ez dute eurekin negoziatzen ez den ezer onartuko, bizimodua jokoan dutelako, eta, gainera, 169 hitzarmenak arrazoi ematen dielako. Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako hitzarmena da 169a, eta agintzen du indigenen komunitateei zuzenean eragiten dieten gaiak eurekin kontsultatu behar direla. Peruko Gobernuak onartu du hitzarmen hori, baina ez du bete, eta indigenen borrokak eten baino ez ditu egin orain arte, grebaren deialdiaren ostean, Amazoniako hainbat lurraldetan larrialdi egoera ezarri eta militarrez eta poliziaz josi baititu inguruak.

«Genozidioa»

Maiatzaren 15ean, Alberto Pizango indigenen buruzagiak matxinatzeko deia egin zuen.Ondorioz 30 lagunetik gora hil dira, eta dozenaka zauritu eta desagertu. Pizangok Alan Garcia presidenteari «genozidioa» egitea leporatu dio, eta Garciak, berriz, «terroristatzat» jo ditu ekintzok, bere ustez, «Amazonia ez baita han bizi den talde txiki batena, perutar ororena baizik».

Baina Gobernuak emandako erantzuna kritikatzen ari dira egunotan gobernuz kanpoko erakunde asko, eta bat egiten ari dira indigenek mobilizatzeko egin dituzten deialdiekin, eta Bagua manifestuarekin. Alan Garciaren gobernuaren «lekuz kanpoko jarrera eta indigenenganako errespetu falta» azaltzen ditu manifestuak, indigenen eskubideak bermatzeko eskatzeaz gainera. «Bigarren mailako herritar basatiak» dira indigenak Garciarentzat.

Alberto Pizangori Nikaraguak emandako babesa onartu du, hala ere, Alan Garciak. Polizia bere atzetik zebilela-eta eskatu zuen babesa Pizangok, eta Garciaren arabera, «Nikaraguak uste badu babesa merezi duela epaiketa justua izango ez duelako, onartuko diogu hori, baina jada hiru herrik ukatu diote babesa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.