Peruko Poliziak gogor erantzun die meatzeen kontrako protestei

Espinarren bi zibil hil dira Poliziarekiko liskarretan; larrialdi egoera ezarri du Humalaren gobernuak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Meatze eta petrolio ustiaketek eragindako ingurumen kalteak direla eta, 150 auzibide inguru daude zabalik gaur egun Perun. Baina, hala ere, proiektu berriek ez dute oztoporik: lege zehaztugabeak haien alde daude, eta gero eta maizago gertatzen dira protestarien aurka poliziak edo militarrak tiroka ikusten diren irudiak. Zortzi egun daramatzate Espinarren, hegoaldeko Cusco eskualdean, liskarretan, eta bi zibil hil dira eta dozenaka zauritu dagoeneko —baliteke lau izatea hilak, baina berresteko dago—. Ekintzaileen asmoa borroka mugagabean aritzea zen, baina Peruko Gobernuak larrialdi egoera ezarri du hilabeterako, protestak isiltzeko asmoz.

Espinarko Defentsa Fronteak deituta, eskaerak argiak izan dira: Xstrata-Tintaya enpresarenkontra dituzten auzibide eta kexuetan gobernuak parte hartzea nahi dute batez ere, ingurumen arazoak konpontzea eta, horrez gainera, enpresak eskualdearen garapenerako %3tik %30era handitzea ekarpena. Hala ere, protestak itota, eta taldeko presidente Herbert Huanan atxilotuta, manifestazioak behin-behinean bertan behera utzi behar izan dituzte. Kobrearen ustiaketak ingurumen kalteak eragin dituen komunitateetako buruzagiak biltzen ditu fronteak.

Hogei bat atxilotu daude Huananekin batera, eta militarrak ingurura iristekoak dira, larrialdi egoerak eskatu bezala, edozein liskar zantzu isilarazteko. Huananek atxilotu aurretik eskaerei entzungor egitea leporatu dio gobernuari. Ministrordeak hara joatekoak ziren, egoera bertatik ezagutzera, baina ez dira joan, Oscar Valdes lehen ministroak esan duenez «buruzagien jarrera erradikalegia» delako.

Xstrata-Tintaya enpresak eragindako kalteak hiru ikerketatan jasoak daude: besteak beste, urean metal pisutsuen kopuruak onartua dagoen muga gainditzen du, eta abereek ohi den baino kume gutxiago izaten dituzte, edo abortuak izaten. Baina Energia eta Minetako ministro Jorge Merinok iragarri berri du kobrearen operazioa 2015ean amaituko dela eta 1.500 milioi dolarreko inbertsioa behar duela.

Tentsioa Cajamarcan

Cajamarcan, Peruko iparraldean, berriz, bihar greba orokor mugagabea hasiko dute komuneroek Conga urrea ateratzeko proiektuaren kontra. Gobernuak kontratatutako atzerriko perituek ere zalantzan jarri dute, eta iradoki hobekuntzak behar dituela kalte ekologikoak gutxitzeko.

Konstituzioa urratzen du proiektuak, talde ekologisten arabera, eta estatuak ez du lortzen enpresak bere eginbeharrak betetzeko nahikoa presio egitea. Iazko abenduan protesta gogorrak izan ziren, eta dozenaka zauritu eragin zituzten. Egoerak berean jarraitzen du, ordea, eta hilabeteak daramatzate bihartik aurrerako greba prestatzen: ingurukoak ez diren herritarrak ere informatzen.

Espinarren ez bezala, gertatu baino lehen iritsi dira militarrak hara: ehunka soldadu gerta daitekeena saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.