Herri Indarra alderdi fujimoristak bideo batzuk argitaratu zituen atzo, eta horietan Kuczynskiren aldeko bi parlamentari ageri dira Herri Indarreko baten botoa erosi nahian, presidentea kargutik kentzearen aurka bozkatu dezan. Eskandaluak itota, amore ematea erabaki du Kuczynskik. Kongresuak onartu behar du presidentearen dimisio eskaria, eta, konstituzioaren arabera, lehen presidenteordeak, Martin Vizcarrak, ordezkatu beharko du.
Kuczynski 2016ko uztailean izendatu zuten presidente. Iazko abenduan kargugabetzeko saio batetik onik atera zen, Herri Indarraren sektore batek, Kenji Fujimorik zuzenduta, alderdiaren irizpideen aurka Kuczynski babestu zuelako, Alberto Fujimori presidente ohiari indultua ematearen truke —25 urteko kartzela zigorra zuen—.