Perun Keiko Fujimorirekin lehiatuko da Humala ezkertiarra bigarren itzulian

Fujimorik estu-estu lortu du bigarren izatea; kanpaina gogorra iragarri du heldu den ekainaren 5era arte

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Azken urteotan hazkunde ekonomikorik handiena izan duen Latinoamerikako herria da Peru. Pobrezia %14 jaitsi zen 2004tik 2009ra. Baina bost perutarretik batek jarraitzen du edateko urik izan gabe etxean, eta bost urtetik beherako umeen %20k, gose.Herritarren artean dagoen aldea izugarria da, eta hori agerikoa da hiriburuan, baina landa eremuetan, are okerragoa da egoera. Herritarren %65 dira han pobreak, eta Peruk hainbat herrirekin sinatutako merkatu askearen itunak ez die batere onurarik ekarri. Pobre horien botoa jasota irabazi du presidentetzarako bozen lehen itzulia Ollanta Humalak, ordezkari ezkertiarretan aukera izan duen bakarrak. Orain Keiko Fujimoriren eskuinari aurre egin beharko dio hauteskundeen bigarren itzulian, eta hark indartsu dagoela ohartarazi du.

Hazkunde ekonomikoaren bi aldeak daude parez pare Perun. Eta hauteskundeotan behartsuenek aldaketarako eskaera egin dute. Keiko Fujimori Alberto Fujimoriren alaba eta Pedro Pablo Kuckynski PPKbehin-behineko emaitzetan parekatuta egon dira azkenera arte; Fujimorik abantaila duela jakin bezain laster atera da esatera pobrezia borrokatuko duela. Kanpainan ere behartsuenen aldeko politika sozialak iragarri ditu —pobreenak dira bere boto emaileak ere—.Baina proiektu ekonomikoei huts egin gabe.

Fujimori, borrokarako prest

Humalak ez bezala, herrialdea aitak hasi zuen bide beretik garatzen jarraitzeko lana agindu du Fujimorik, eta lehengora ez itzultzeko ezkerrari gogor borrokatuko diola ekainaren 5eko bigarren itzuliari begira. Humalak, berriz, aldaketa nahi du, baina , Fujimorirengana joan gabe gera daitekeen boto moderatua kontuan hartuta, «gorabeherarik gabekoa» izango da aldaketa. Alejandro Toledo presidente izandakoaren boto emaileak bereganatu nahi ditu Humalak, neoliberalismoa giza eskubideen kontrakoa dela pentsatzen dutenena. Fujimoriren alabak, gainera, beldurra ematen die herritar askori, diktadorearen bide beretik jarraitzeko asmoari ez diotelako susmo onik hartzen.

Fujimorik azkenera arte bigarren sartzeko izan duen arerio gogorra da, bete-betean, hazkunde ekonomikoaren eredua: Pedro Pablo Kuckynski. Ekonomia ministro izandakoari botoa eman diotenek Toledo presidente zenean bultzatutako politika garatzen jarrai dezan eskatu diote. Eta harengana joan dira, hain zuzen, hasieran presidente ohiarenak ziren botoak. Bai Toledo eta bai Kuckynski kanpoan geratu dira egiten ari zirenaren bidetik jarraitzeko. Kuckynskik porrota onartu behar izan du, nahiz eta irabazletzat jo duen bere burua une batzuetan.

Garapenarekin gustura bizi den erdiko klaseada, nagusiki, bi horien boto emailea, eta ez dago esperimentuetarako —ez dute Ollanta Humalaren proposamenik nahi—. Kuckynskik arrakasta lortu du Ekonomia ministro modura, bere lekutik herrialdeko ekonomia altxatuko zuela agindu zuen, eta lortzen ari dela eskertzen diote askok. Beste batzuek, berriz, transnazionalekin daukan harreman berezia kritikatzen diote.

Ameriketako Estatu Batuetan erbesteratu zen 1968an, eta han, Munduko Bankuaren Politika eta Plangintza arduradun izan zen. Ondoren, First Boston Internationaleko presidente eta Firts Boston Corporation enpresako zuzendari izan zen. Beste enpresa handi batzuetako bazkide ere izan zen, eta estatubatuar herritartasuna eskuratu zuen. Hori ez zaie asko gustatu bertakoei, eta duela bi aste herritartasunari uko egiteko prozesua hasi zuen.

Kuckynski Fujimori baino moderatuagoa den arren, Humalaren programa ez doala inora adierazi izan du, eta haren kontra egiteko gogo berezia duela aitortu.

Legebiltzarrerako bozak

Eredu ekonomikoa ez aldatzearren edozer gauza egingo dute bai Fujimorik eta bai Kuckynskik. Eta, presidentetzarako bozez gain Legebiltzarrekoak ere izan direnez, lortu duten ordezkapenarekin negoziatu beharrean egongo da etengabe Humala.

Humalak irabazteko hainbat arrazoi egon dira. Fujimorirekin batera sistemaren kontrakotzat jo dute, baina Toledori boto asko kendu dizkio azken unean, presidente ohiak huts asko izan dituelako. Kanpaina gogorra iragarri dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.