AEB-ak

Pete Buttigiegek irabazi ditu Iowako 'caucus'-ak

Lehia estua izan da Buttigiegen eta Sandersen artean, eta hamarren bakarraren aldearekin gailendu da South Bendeko alkate ohia. Demokraten Batzorde Nazionaleko buruak botoak berriz kontatzeko eskatu du.

Pete Buttigieg hautagaia Iowako caucus-en harira emandako hitzaldi batean. GARY HE / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 7a
16:52
Entzun

Ezustea izan da Iowako caucus-etan, eta, zenbaketa amaituta, Pette Buttigiegek irabazi ditu. Ez, ordea, alde handiz. Amaiera arte lehia estua izan dute Buttigiegek eta Bernie Sanders senatariak, eta hamarren baten aldearekin nagusitu da South Bendeko alkate ohia —564 ordezkari lortu ditu (%26,2)—. Berez, Sanders zen faboritoa, baina hark 562 ordezkari eskuratu ditu (%26,1). Hirugarren postuan Elizabeth Warren senataria geratu da, 387 ordezkarirekin. Joe Biden AEBetako presidenteorde ohiak, berriz, 341 lortu ditu. Alabaina, botoetan Sanders nagusitu da, 45.826 jaso baititu (%26,6); Buttigiegek, berriz, 43.195 bildu ditu (%25).

Alderdi Demokrataren hauteskunde primarioei hanka okerrarekin ekin diote. «Akats teknologiko» baten ondorioz, nabarmen berandu argitaratu dira emaitza ofizialak, eta horiek «paperean» kontatu dituzte, eskuz. Hainbat erreakzio eragin ditu horrek, eta zenbait hautagaik irabazletzat jo dute euren burua emaitzak jakin aurretik. Hori izan da, esaterako, Sandersen kasua: atzo emandako hitzaldi batean eskerrak eman zizkien Iowako biztanleei caucus-etan lortutako «garaipen handiarengatik». Iowako Alderdi Demokrata ere kritikatu zuen, primarioetan izandako «kudeaketa kaskarragatik».

Emaitzak ofizialak izan arren, oraindik ere izan daiteke aldaketarik. Izan ere, Tom Perez Demokraten Batzorde Nazionaleko buruak boto guztiak bigarrenez zenbatzeko eskatu zuen, zalantza guztiak uxatzeko asmoz. Ikusi beharko da eskaera onartzen duten ala ez, eta baiezkoa izanez gero, ea emaitzak bat datozen.

Kaos horren erdian, aurrera jarraitzen dute primarioek, eta asteartean egingo dituzte New Hampshirekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.