Ukrainako gatazka konpontzea ez da erraza izango. Errusiako presidente Vladimir Putinek esan du berak ez duela intentziorik inoren kontrako gerrarik abiatzeko, baina, egun berean, Ukrainako presidente Petro Poroxenkok "laguntza militarra" eskatu dio Mendebaldeari. Haren esanetan, armarik ez dutelako ez da konpontzen Ukrainako afera. Adierazpen horiek Municheko Segurtasunari Buruzko Konferentzian egin ditu. Segurtasun eta atzerri gaietarako munduko 60 ministro baino gehiago ari dira parte hartzen konferentzian; besteak beste, Errusia, Alemania eta AEBetakoak.
Hain zuzen, AEBetako presidenteorde Joe Bidenek babesa eman dio Kievi: "Ez dugu irtenbide militarrean sinisten, baina Kievek eskubidea du Ukrainako errusiazaleengandik defendatzeko".
Ordu batzuk lehenago, "egungo mundu ordena aztoratzeko saialdiak" salatu ditu Putinek. Eta zuzenean inor aipatu ez arren, AEBez ari zela iradoki du: "Lider horrek uste du ahalmena duela nahi duena egiteko, eta beste guztiak bere aginduen menera gelditzen direla". Izan ere, Ukrainako armadaren ezintasuna ikusirik, AEBak Kievi armak emateko aukera aztertzen ari dira. NATOko komandate Philip Breedlove jeneral estatubatuarrak esan duenez, "armak emateko aukera ez da baztertu beharreko aukera bat".
Frantzia eta Alemania, diplomazioaren bidetik
Atzo Moskura bildu ziren Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta François Hollande Frantziako presidentea. Vladimir Putin presidentearekin hiru orduko bilera egin zuten, Ukraina ekialdeko gerrari irtenbide politiko bat bilatzeko asmoz. Bilerari buruz ezer gutxi esan dute hiru agintariek komunikabideen aurrean, baina Frantzia eta Alemaniako bi buruek ez dute uste irtenbidea Ukrainari armak ematea denik.