ROsetta misioa

'Philae' zundak lehen argazkia bidali du kometaren azaletik

Kometaratzeko operazioan arpoiak botatzeko sistema ez zen piztu behar bezala, eta bi aldiz errebotatu zuen.

Zundak kometaren azaletik bidali duen lehen argazkia. Zunda bera ikusten da. ESA/ROSETTA/PHILAE/CIVA
2014ko azaroaren 13a
11:09
Entzun

Hasiera batean uste baino zailagoa izan zen atzo Philae zundak 67/P Churyumov-Gerasimenko kometan burutu zuen operazioa. Behar zuen tokian kometaratu zen zunda, baina arpoiak ez ziren behar bezala aritu, eta bi aldiz errebotatu zuen kometaren azalean. Azkenean, beste leku batean geratu zen.

ESAk gaur jakinarazi du egonkor dagoela zunda, eta hasi da informazioa bidaltzen Lurrera. Horrekin batera lehen argazkia ere bidali du kometaren azaletik. Argazkian zundaren zati bat ere ikusten da. Arazoa izan liteke, ordea, zunda azkenean pausatu den tokia. Jakinarazi dutenez, han ez du nahi bezain beste eguzki argi jasotzen, eta bere jardunarekin jarraitzeko arazoak izan ditzake bateria aldetik.

Arpoi sistemaz gain, zunda pausatzeko beste sistema batek ere kale egin zuen. Arpoiek zunda kometari lotzea helburu zuten moduan, beste sistema horren bidez kometaratzeko momentuan gas hotza isuri behar zuen zundak goiko alderantz, modu horretan kometari sendoago itsasteko eta boterik ez egiteko.

Rosettak 22 kilometrotik bota zuen Philae kometarantz. Zundak frigorifiko baten tamaina du, eta 98 kilogramo pisatzen du. Zazpi ordu geroago kometaratu zen. Kometaren osagaiak aztertzea du helburu, unibertsoko gorputz zaharrenak direlako eta uste delako agian horiek ekarri zutela ura, eta horrekin bizitza, Lurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.