Piñera, ilunpetik atera ezinean

Augusto Pinochet diktadorea erori zenez geroztiko presidenteen artean babesik txikiena dauka une honetan Sebastian Piñerak. Izaera pluraleko protestei irtenbidea eman ezinik dabil azken urtean.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Aurrekaririk gabeko operazio mediatikoa izan zen duela urtebete, 33 langileak San Jose meatzearen erraietan lurperatuta geratu ziren lehen egunetik. Sailka eman zuten istorio perfektua: erroiztearen unekoak, bizirik aurkitu zituztenekoak, erreskate saioak, eta salbazioa, amaiera zoriontsuarekin. Senideen eta biktimen harremana tantaka eman zuten. 622 metroren banaketa fisikoa euren artean,horren urrun, baina teknologia berriei esker, elkarri begira jarrita. Taldeko lana, indarra eta gaitasuna erakustea izan zuten xede: txiletar izatearen harrotasuna. Hori dena kontatzeko, 1.600 kazetari egon ziren kanpalekuan. Txileko telebista kateak hartu zituen irudi esklusiboak, mundu osoko kateetan doan emateko, eta Sebastian Piñera presidenteak gidatu zuen dena maisutasunez, herritarren onespena inoiz baino handiagoa lortu ere horregatik.

Orain, urteurrenean, kamerak Txilera begira jarri dira berriz ere, baina presidenteak ezkutatu nahi izan duen egoera aurkitu dute, hasteko, Santiagon Poliziaren eta ikasleen arteko borroka gogorrak eta kobrearen meatzarien gose greba; aurretik ekologistek eta maputxeek egindakoak, Bio Bion eta Patagonian lurrak eta baliabide naturalak multinazionalen urtegietan itotzeagatik. Aurten Txileko herritarrek Poliziarekin izan dituzten borrokek 1980ko hamarkadako azken urteetan izandakoak ekarri dizkiete gogora diktadura erortzear zela errepresioa jasan zutenei.

Protestak piztu ahala itzaltzen saiatzen baitabil Piñera, baina eskaerei irtenbiderik eman gabe. Pinochet erori zenez geroztiko presidente guztien artean babesik txikiena dauka une honetan, herritarren %37rentzat da agintari ona, eta %60k txarra dela uste dute. Iaz herritarren %63ren onespena eman zion meatzarien abentura kudeatzeak, baina eskaera sozial premiazkoei bizkar ematearen ordaina jasotzen ari da orain.

Piñeraren gobernuak ez baitu gizarte beharretan erreparatu, merkatuenean baizik, eta horri esker irabazi zituen bozak gainera. Txileko eskuina hogei urtean oposizioan egon ondoren, berriz, alternatiba gisara aurkeztu zen, zentro-eskuin itxura emanda. Piñeraren eskuina ez du Txileko eskuin klasikoak soilik ordezkatzen; Pinochet boterera eraman zuten enpresari eta latifundistez gain, erabateko merkatuaren doktrinak batzen dituen guztiak daude magnate eta agintariaren azpian. Eskuin muturrekoenak Piñerak nahiko lukeena baino indar gehiago du askotan, batez ere egoera txartzen denean, orain bezala, presidentearen aldeko taldeak (RN) ez baitauzka konponduta haiekin dituen aferak, Batasun Demokratiko Independentearekin (UDI), eta, orain, egoera hobetzeko egin duen gobernu aldaketarekin kontzesioak egin behar izan dizkio. Inkesta kaxkarrak gainditzeko lau gobernukide aldatu ditu, eta esanguratsua da, batez ere UDIko bi senatari jarri dituela, Hezkuntzakoa bere aldekoa izatearen truke: Andres Chadwick lehengusua bozeramaile eta Pablo Longueira Ekonomia Ministerioan jarri ditu, politika populistaren maisuak biak, eta Pinochetekin hasitakoak. Beste aldaketetako bat Laurence Golbornerena da, meatzarien istoriotik atera zen izarra. Obra Publikoen ardura eman dio, meatzarien grebatik eta HidroAysen energia proiektu polemikotik urrun. Piñeraren ordezko izateko prestatzen ari da, edo udal garrantzitsu baten alkatetzarako, adituek diotenez. Eta Hezkuntza Ministerioan Felipe Bulnes Piñeraren alderdiko eta kuttuna jarri du, UDIko Joaquin Lavin alboratuta, ikasleen auziari irtenbidea emateko asmoz.

Aldaketa guztiak soslai politikoagoa lortu nahi izateari zor zaizkiola bat datoz Txileko komunikabide ia guztiak. Batzuetan proiektu ekonomiko garatuegiak herritarren beharrak pikutara bidali dituela kritikatzen dute, pribatizatzeko joera gehiegizkoak —kobrearen negozioa adibide garbiena—, baina gobernu kudeatzailea egiteko eratutako dream team-a eraldatua dago, aldatzea baitu irauteko modu bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.