Sebastian Piñeraren agintaldia gatazkatsua izaten ari da, eta errealitate horretan are gehiago sakondu dute duela bi hilabete abiaturiko protestek. Txileko presidentea kontzesioak egiten saiatu da, baita manifestariei begirako keinuak ere, baina haserreak kalean jarraitzen du. Erakundeetan ere bai, eta gaurko eguna horren erakusle izan da; ez, ordea, arrakastatsua: oposizioko alderdiak saiatu dira Piñeraren aurkako epaiketa politiko bat abiatzen, baina kale egin dute, sei botoko aldeagatik (79-73). Txileko presidenteak, hortaz, beste krisi bat saihestu du, gutxigatik.
Oposizioak jarri zuen abian auzi politikoa egiteko prozedura. Manifestarien giza eskubideak bermatu ez izana egozten diote estatuburuari. «Larrialdi egoerek eskumena ematen badute mugitzeko askatasuna mugatzeko, baina ez pertsonen bizitzaren aurka egiteko, ez al da ulergarria guk Giza Eskubideen Batzordeko kide gisa Sebastian Piñeraren aurkako salaketa aurkeztea, kontuan izanik bera dela herritarren bizitzaren aurka jo duena, militarrak kalera aterata?», azaldu zuen Alderdi Humanistako kide Pamela Jilesek, auzia aztertzeaz arduratu den batzordearen eztabaidan.
HRW Human Rights Watch giza eskubideen nazioarteko erakundearen arabera, 26 pertsona hil dira urrian protestak hasi zituztenetik; haietatik gehienak militarrek hil dituzte —Gobernuaren arabera, 24 dira hildakoak—. Hilez gain, baina, 2.400 lagun eraman dituzte preso, eta milaka dira zaurituak ere; horietatik 352k begietako lesioren bat izan dute.
Piñerak berak onartu egin du tarte horretan «giza eskubideak urratu» direla, eta biktimentzako kalte ordainak iragarri ditu. Horrez gain, iragarri du aldaketak egingo dituztela segurtasun indarretan, haien aurkako salaketak direla medio. «Gobernuak bere gain hartzen du giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei laguntzeko betebeharra», nabarmendu du estatuburuak.
Senatuan, larri
Dena den, oposizioaren eskariari baiezkoa eman baliote ere, Senatuan ez dira iristen Piñera kargugabetu ahal izateko beharrezko bi herenetara —bi senatariren faltan geratuko litzateke, agintean den alderdiak neurriak babestu ezean—. Hala ere, kontuan hartzekoa da oso antzeko prozedura baten bidez zigortu berri dutela Andres Chadwick Barne ministro izandakoa eta Piñeraren lehengusua.
Joan den urrian kargugabetu zuten Chadwick, manifestazioak baretzeko asmoz, eta Senatuak bost urterako inhabilitatu zuen atzo ministro ohia. Konstituzioa urratu eta giza eskubideen urraketak saihesteko beharrezko neurriak hartu ez izana egotzita zigortu dute Chadwick.
Barne ministro izandakoak ukatu egin ditu egozten zaizkion karguak: "Inoiz ez ditut nahita edo nahi gabe pertsona baten giza eskubideak urratu ditzaketen neurriak hartu. Salaketak ez du oinarririk, eta gure Konstituzioak dioenaren aurkakoa da".
Bestelako iritzia du oposizioak. Alderdi Sozialistako kide Rabindranath Quinterosek zehaztu du Senatuaren epaia politikoa dela, eta, Zigor Kodearen arabera errugabea izan daitekeen arren, Barne ministro bat "politikoki errudun" dela ordena publikoa eta giza eskubideak bermatzen ez dituenean. "Inoiz ikusi gabeko egoera bat bizi dugu. Urraketak inoizko okerrenak dira", ohartarazi du Alejandro Guillier senatariak.